LABek ere Ordiziako San Jose egoitzaren egoera salatu du
Ordiziako egoitza COVID-19ko egoiliar asintomatikoekin "betetzen" ari dela dio sindikatuak, eta langileak zein egoiliarrak haien "osasuna arriskuan" jartzen ari dira.
ELA sindikatuak atzo Ordizian egin zuen elkarretaratzearen ondotik, LAB sindikatuak prentsa ohar bidez salatu du Ordiziako San Jose egoitzan bizitzen ari den egoera. Gipuzkoako Foru Aldundiak Ordiziako egoitzaren itxiera –berrikuntza batzuk egiteko– eta irekiera COVID-19ko egoiliar asintomatikoen erreferentziazko zentro izateko “aprobetxatu” duela dio sindikatuak.
“Ordiziako egoitza egun gutxitan COVID19 egoiliarrekin betetzen ari da, ez da eman beharrezko koordinazioa, langileak egoiliarren geletan sartzean ez dakite, norena doazen, zer patologiekin datozen eta ze laguntza mota behar duen”, salatu du. LABek dioenez, langileen lan-karga eta erritmoak “egunetik egunera handiagoak” dira, eta horrez gain, “protokoloak egun batetik bestera aldatzen” direla eta horiek ez direla “langileen adosten” nabarmendu du.
“Langileen osasuna arriskuan”
Ordiziako egoitzak itxiera aurretik “ratio batzuk” zituen, “onargarriak eta beharrezkoak”, baina “katalagoko neurriak” ezarri dituztela uste du sindikatuak. “Guzti honen ondorioak larriak dira. Langileak euren osasuna arriskuan jartzen ari dira, egoiliarrek ezin dute merezi duten zerbitzua jaso, eta beraien osasuna ere arriskuan jartzen da. Langileak egunero gatazka berriekin aurkitzen dira”.
Egoera honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak “lan gatazkari irtenbidea emateko inongo neurririk” ez duela hartu salatu du, eta indarrean dagoen ratioen inguruko katalogoa ez duela aldatu. LABen iritziz, Gipuzkoako Foru Aldundia “helduekin egiten ari denak ez du izenik”