Joan Jose Barandiaran Zeberio apaiza eta ongilea omendu dute Ataunen
Hil ostean, herriko irakaskuntzarako bere etxea utzi izanagatik da batez ere ezaguna Barandiaran Zeberio. Gaur herriak eskertza eskaini dio Gabrielenea etxean haren omenezko plaka-oroigarria jarriz.
Atauniker kultur elkarteak eta Ataungo Parrokiak antolatutako ekitaldia izan da gaur eguardian Gabrielenea etxeko atarian ospatu dena. Joan Jose Barandiaran Zeberio apaiza eta ongilea omendu dute, haren bizitza errepasatuz.
Gabilleneko apaizak (1872-1953) bere jaiotetxea eta ondare guztiak Atauni legatu zituen, irakaskuntzarako eta benefizientziarako. Besteak beste, zendu ostean, Gabillene etxea, Amuñain garako eta Urdarano baserriak, Apalategi aurreko baserria eta Lazkaoko lurrak utzi zituen bertako umeek irakaskuntza katolikoa izan zezaten. Lazkaoko Udalak erosi zituen lurrak, eta gaur egun ikastola eta Osakidetza daude bertan.
Gasteizko seminarioan ikasketak burutu eta gero, 1900. urtean Ataungo San Martin Parrokiako koajutore izendatu zuten. Ildo beretik, herriko umeek hezkuntza katolikoa izateko hiru kongregazio izendatu zituen: “Jesusen alabak”, “Merzedariak” eta “Karmelitak”. 1956. urtean, Jose Maria Bikuña alkate zela, Ataungo Udalak Gabillene-etxea irakaskuntzarako prestatzea erabaki zuen. Urtebete beranduago, Jaume Font i Andreu Gipuzkoako gotzainak ikastetxe berria inauguratu zuen Garikano Goñi gobernadore zibila bertan zelarik. Merzededaria lekaimenak euren jardunari ekin zioten Gabillene-etxean. Harrera ona izan zuen, 110 ikasle inguruk eman zuten izena ikasturte horretan. Hiru eta zazpi urte bitarteko geletan, neskak eta mutilak biltzen ziren; neskak soilik, ordea, zazpi urteetatik aurrera. 1970. urtean utzi zuten Gabilleneko irakaskuntza.
Urte berean, Donostiako Hezkuntza sailak “Patronato Sagrado Corazon de Jesus” deituriko erakundea onartu zuen. Ataungo Guraso Elkarteko ordezkariak, Udaleko alkate eta zinegotziak, Hiru Parrokietako erretoreak eta Irakasleen eta Laguntzaileen ordezkariak biltzen ziren bertan. Idazkaria Jabier Zubizarreta zen. Patronalaren helburu nagusia euskarazko hezkuntza ezartzea zen, garai hartan Ataungo eskola nazionaletan gaztelera hutsean irakasten zelako.
Ikasturte hori hiru irakasle tituludunek abiatu zuten: Mari Karmen Aranburu, Mari Karmen Iztueta eta Elisa Bustillo. 120-130 ikasle inguru zituzten. Kopuru hori 1971/1972 ikasturtean handitu zen, Ataungo eskola bakarra bideratu zenean: haur hezkuntzan 63 ikasle eta EGBko bost kurtsoetan 185, denera 248.1979. urten Karmeldarrak hartu zuten ikastetxearen testigua.
1984an Joxemiel Barandiaran ikastetxe berrira bideratu zituzten ikasleak. 28 urtez ikasi zuten euskaraz Gabillenen 1000 ikasle inguruk.
1996. urtetik aurrera beste eginkizun batzuk bete ditu Gabrielenea etxeak. Besteak beste, ostatu gisa erabili da, talde bilkurak egiteko, herri-tailerrentzat… Eraikinaren egungo arduradunak, Juan Mari Galpasorok kendu dio estalkia gaur Joan Jose Barandiaran Zeberioren omenezko plaka-oroigarriari.