Beasaingo baheketa selektiboan 4.000 PCR proba egitea espero dute
Dagoeneko 900 proba egin dituzte. Hitzordua oraindik eskatu daiteke. Pilar Azpiazuk iragarri du positiboak ugarituko direla baina onerako izango dela esan du
Osasun Sailak 13 eta 40 urte bitarteko 4.000 beasaindar baino gehiago deitu ditu PCR probak egitera, frontoi txikian, 13:00etatik 20:00etara. «Oso garrantzitsua da proba egitea, komeni baita Beasain nola dagoen jakitea. Erradiografia handia izateko ahalik eta jende gehien etortzea nahi dugu», aitortu du Pilar Azpiazu Beasaingo osasun zentroko erizainen koordinatzaileak. Proba egiteko aurrez hitzordua eskatu behar da Beasaingo osasun-zentrora (943 02 77 00) edo osasun-aholkura (900 20 30 50) deituta.
Segundo gutxitako kontua da: optika aldetik sartzen da frontoira; arduradun batek kotoi-zotzak banatzen ditu eta zein postutan egin behar den esaten du; bertaratutakoan, eseri eta zotza erizainari eman behar zaio honek laginak har ditzan; frontoiaren beste aldetik atera behar da, frontisetik. 900 bat lagunek egin dute jada proba, horietatik 600 ikasleak. «Erantzuna ona izaten ari da», esan du Azpiazuk.
Probaren emaitza 72 orduren buruan jakinarazten da telefono bidez. Oso garrantzitsua da bitartean ahalik eta harreman sozial gutxien izatea. «Jendea geroz eta jakitunagoa da eta bakoitza ari da bere neurriak hartzen, pixkanaka-pixkanaka», gaineratu du. Halere, koordinatzaileak iragarri du positiboak agertuko direla: «Geroz eta test gehiago egin orduan eta positibo gehiago atzemango ditugu. Baina argazki orokorragoa lortzen badugu gero zer egin hobeto erabakiko da». Baheketaren emaitza zehatzak ez dituzte emango, Osasun sailak egunero argitaratzen duen txostenean nahastuta aterako dira.
Aste beltza
Pasa den astean inoiz baino positibo gehiago atzeman ziren Goierrin. Zehazki, 480 gaixo. Aurreko astean baino 120 gehiago dira. Izan ere, egunetik egunera hazten ari da positibo berrien kasua: 194 kasu gehiago atzeman dira asteburuan, horietatik erdiak ostiralean.
Ordizia da herririk kaltetuena zenbaki absolutuetan. Aurreko asteko baheketaren azken egunetako emaitzak jaso ziren asteburuan, eta horrek izugarri altxatu ditu positiboak: 18 ostiralean, 16 larunbatean eta 26 herenegun. 60, guztira. Azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 2.000 gaixotik gorakoa da, Urnietaren atzetik Gipuzkoako altuena; Beasaingo kopuruak ere aipagarriak dira, 48 gaixo detektatu baitituzte baheketak hasi aurretik. Azken bi asteetan positibo berri gehien detektatu diren Goierriko herria da (239), eta Gipuzkoa mailan soilik Azpeitiak gainditzen du (256). 1.725 gaixoetako intzidentzia tasa du.
Goierriko 5.000 biztanletik gorako herri guztiek dute alarma gorria piztuta, hau da, 500 lagunekoa baino intzidentzia tasa handiagoa dute. Urretxuk, esaterako, bikoiztu egiten du tasa. Azken bi asteetan 68 gaixo atzeman dira. Zumarragan adina ia (72), txikiagoa izan arren. Bi nukleoen artean 845 gaixoetako tasa osatzen dute. Goierriko intzidentzia tasa 1.200 lagunekoa da, Gipuzkoako baino 460 gaixo gehiago.
Erietxeak, betetzen
Osasun Sailak ez du ospitaleen informazioa aletzen azken hiru hilabeteetan eta ez du Zumarragako Ospitalearen informaziorik zehazten, baina ikuspegi orokorrari begiratuta ospitaleratuen joera goranzkoa dela nabarmena da. Osakidetzaren eskuetan COVID-19ak jotako 351 gaixo daude, horietatik 76 Zaintza Intentsiboko Unitatean, aurreko astean baino 21 gehiago. Maiatzaren pareko datuak dira.
Goierriko adinekoen egoitzetan ez da gaixo gehiago atzeman asteburuan. Denera, hamar egoiliar erasan ditu gaitzak, hamarrak Zumarragako Argixaon. Aurreko astean atzeman zituzten kasu guztiak. Gaixoak Ordiziako San Jose egoitzara lekualdatu dituzte gainerako egoiliarrak arriskuan egon ez daitezen. Gainerako egoitzetan ez da kasurik atzeman nahiz eta azken egunetan PCR probak egin dizkieten. Desinfekzio lanak ere burutu dituzte segurtasuna areagotzeko.