Itsaso auzo-udala izateko eskaera egin dute Ezkioko eta Itsasoko udalek
2020ko abenduaren 31n Itsasoko Udala desegin eta Ezkio-Itsaso udalerri bakarra izango da berriro. Auzo-udal gisa, besteak beste, auzo-udal batzordea eratzeko aukera izango luke Itsasok
Itsasoko eta Ezkioko Udalek Itsason auzo-udala sortzeko eskaera bidali dute Gipuzkoako Foru Aldundira. 2016ko abenduaren 20an Gipuzkoako Aldundiko dekretu baten bidez Itsaso Ezkiotik desanexionatu zuten, bi udalerri sortuta. Ia lau urte beranduago, 2020ko uztailaren 16an, Espainiako estatuko Auzitegi Gorenak dekretu hori baliogabetu zuen, errekurritzeko aukerarik gabe.
Urriaren 17an egindako Herri batzarreko aktaren arabera, ofizialki sententzia 2020ko abenduaren 31n ezartzea adostu dute bi udalek: «Data horretan Itsasoko Udala desegingo da, eta hortik aurrera berriro Ezkio-Itsaso udalerri bakarra eratuko da», adierazi du Itsasoko Udalak aktan. Eskaera egiteko Ereñotzu eta Itziarren kasuak aztertu dituzte eta haiek dituzten eskumenak eskatu dituzte: auzo-udal batzordea eta auzo alkatea izatea, aurrekontu propioak aurrekontu orokorren barruan sartzea, ondasunen jabe izateko eta berriak erosteko eta obrak lizitatzeko ahalmena izatea, diru laguntzak eskatu ahal izatea eta langileak kontratatzeko eskumena izatea. Horrela, bereizketa prozesurako Ezkioko Udalarekin batera hasitako bideari berrekin diote. Honela, eratuta zegoen Jarraipen Batzordea aktibatu dute eta bilerak 15 egunean behin egingo dituzte.
Auzo-udala lortu arteko eperako funtzionamendua adostuko dute bi herriek bileretan: Itsasori dagozkion erabakiak hartzeko prozedura eta elkarren arteko komunikazioa eta koordinazioa zehaztuko dituzte.
Hainbat proiektu martxan
Auzo udalaren inguruko erabakiez gain, beste hainbat gai landu dituzte azkeneko herri batzarrean. Alegiako bulebarizaziorako proiektua jarri zuen martxan Itsasoko Udalak 2019an, eta proiektu horren fase bat aurkeztu diote aldundiari, errepideari dagokiona, alegia. Aldundiak obrak egiteko baimena eman du. Itsasoko herri batzarreko aktan azaldu dutenez, «hilabete baino lehen» ekingo diete lanei: errepidetik 5 zentimetro kendu eta gainean berria jarriko dute, errepidearen maila igo gabe. 37.221 euroko aurrekontua izango du udalak lan horietarako.
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Garapen Jasangarrirako lur sailen erosketetarako diru laguntza jaso du Itsasok: 10 hektarea erosi dituzte eta 3,4 hektareako lursaila erostea dute helburu.
Natur Ondarearen Kontserbaziorako proiektua ere martxan dago. 2020 eta 2021 urteen artean burutuko dituzte lanak herriko hiru gunetan: Kizkitzan ermita ondoko pagadia txukunduko dute, San Lorentzo ermita alboan landare autoktono berriak landatuko dituzte eta Alegiako bidegorri alboko sasiak kendu eta babestuta dagoen haltza landatuko dute.