Bordak, aitzindaritzaren aterpe
Neolitikotik gizakia babestu izan duten borden inguruan lanketa garatuko du Atari Kultura Arkitektonikoa elkarteak, Ataunen. Atzeratu egin dituzte aste honetarako zeuden ekitaldiak.
Bordek, txabolek edo estalpeek gizakiek arkitekto gisa egin zituzten lehen urratsak gogorarazten dituzte». Behaketa horretatik abiatu da Atari Kultura Arkitektonikoa elkartea Bordak ekimena abiarazteko. Natura guneetan edo landa eremuan egiten den arkitektura azaleratu nahi dute, gaur egungo arkitektura esparruetan «ikusten» ez den gaia zabaltzeko. Egitarauaren mardulena Ataunen ziren garatzekoak, baina COVID-19aren egoeragatik atzeratu egin behar izan dute.
Arkitektura edozeinen eskura eta gozagarri jartzea da Atari elkartearen asmoa, euskal arkitektura eta arkitektoak bertan nahiz kanpoan ezagutarazteaz gain. «Arkitektura oso urbanozentrikoa da, eta natura-arkitektura frentea estali nahi dugu. Bere jatorritik, historian lehenengo arkitektura naturatik babesten gaituena baita», azaldu du Bordak proiektuaren asmoa Andoni Munduatek.
Mota askotako saioak
Atari-ko Munduate bera ataundarra delako, Ataunek natura-aberastasun handia duelako, eta hango arkitektura «naturaren elementuetatik babesteko egindakoa» delako aukeratu dute Ataun, Bordak egitasmorako. Aurreneko pausoa izango da, eta urtero leku ezberdinetan jarraitu nahi dute ondoren.
«Beste helburu bat, garrantzitsuena dena, zera da: zaila da arkitektura moderno eta kontenporaneoko eremuetan txertatzea, baina naturaren eremuan ere egin litekeela defendatzen dugu», gehitu du Munduatek.
Izaera, publiko eta gai askotako ekitaldiak prestatu dituzte. Lehengo ostiralean, Donostian hasi zen, Bordeleko metropoliko eraztun berdean dauden aterpe-txabolen esperientzia kontatuz. Asteburu bat edo gau bat pasatzeko, edonork erreserba ditzake. Haurrekin tailer bat ere egin zuten, larunbatean, Ataunen.
Bordek jatorrizko kontzeptua erakutsiz segitu nahi zuten, bihar, Fermin Leizaola etnografoa Ataunera gonbidatuta. Ez dute zehaztu noiz berrekingo dioten egitarauari.
Artimaña estudio donostiarra bi eguneko tailer bat programatua du, arkitektura efimeroaren mugimenduan, borda moderno bat auzolanean altxatu, eta bi hilabeterako leku batean uzteko. «Adierazi nahi du gauza garaikideak egin litezkeela naturan».
Aurreikusitako ekitaldiak
EGINDAKOAK
· Hitzaldia. Bordeleko aterpe periurbanoez hitzaldia (23an).
· Tailerra. Umeentzat tailerra, Ataungo museoan (24an).ATZERATUAK ATAUNEN
· Hitzaldia. Fermin Leizaolaren ‘Euskal Herriko txabolak eta bordak’.
· Tailerra. ‘Borda gaur’, bi eguneko auzolan tailerra, borda moderno bat egiteko, Olaluzeagan.
· Ibilaldia. Ataungo bordetara txango gidatua.