Transpirenaika hizpide
Uztailean GR11 bidean egindako argazkiak erakutsiko ditu bideo baten bidez Asier Zabaletak gaur, 19:30ean, kultur etxean. Hitzaldia egongo da ondoren. 842 kilometro egin zituen guztira
Transpirenaika ibilbidea izango dute hizpide gaur Zeraingo Kultur Etxean. 19:30ean hasita, Asier Zabaletak GR11 bidean bizitakoa erakutsi eta azalduko du. Bideo emanaldia izango da lehendabizi, eta solasaldia egongo da ondoren. 2020ko Udazkeneko Kulturaldiaren harira antolatutako emanaldia da.
Zumarragakoa da jaiotzez Zabaleta, baina duela 22 urte utzi zuen jaioterria eta Zerainen bizi da aspaldi. Ezustean harrapatu zuen emanaldia egiteko proposamenak: «Herrikoek erakusteko eta erakusteko esaten zidaten eta horrela animatu naiz». Mugikorrarekin egindako argazki sortarekin bideoa osatu du.
Mediterraneoan hasi eta Kantauriar itsasora iristen da Transpirenaika bidea. Uztailaren 10ean irten zen Cap de Creus-etik (Girona) Zabaleta Hondarribira iristeko helburuarekin. Uztailaren 31n iritsi zen Higer lurmuturrera. Hau da, 21 egunetan 842 kilometro egin zituen. Bidelagunen bat topatu zuen arren, bakarrik osatu zuen ibilbidea, oinez: «Galiziar batekin elkartu nintzen baina berak beste plan bat zuen eta trena hartu behar zuenez bere bidea egin zuen».
Mendian eta inguru horretan ere esperientzia handia izan du, baina begiz joa zuen GR-11 bidea: «Pirineotan asko ibilitakoa naiz; kapritxo hori neukan aurten eta hala izan da azkenean». Transpirenaikak badu beste bide bat: GR10-a, Frantziako aldetik doana eta Hendaian amaitzen dena.
45 kilometro egunean
21 egunetan ia 850 kilometro egin ahal izateko, egunean 40-45 kilometro inguru egiteko asmoz hasi zuen bidea Zabaletak. Halere, inguruaren arabera gehiago edo gutxiago egin zituen: «Lehenengo egunetan 70-80 kilometro egin nituen, baina Andorran dagoen desnibelarekin oso zaila da», azaldu du.
Esperientzia «mundiala eta zoragarria» izan da Transpirenaikan bizitakoa mendizalearentzat, eta beste baterako hobekuntzak ere barneratu ditu: «Nahiko pisu eraman nuen; berriro egin behar banuke pisu gutxiago eramango nuke».
Beraz, gaur, itsaso batetik bestera ikusi eta ikasitakoak azalduko dizkie zeraindarrei Asier Zabaletak: «Pirineoak bere osotasunean ikusteko aukera izango dute parte hartzaileek». Izena ematea ezinbestekoa da.
‘Goierriko Bizi Ezkutua’ bertan behera geratu da
Udazkeneko Kulturaldiarekin lotuta, beste hainbat ekintza antolatu ditu Zeraingo Udaleko Herri Bizitza batzordeak. Herenegun hasi eta azaroaren 15era bitartean, Goierriko Bizi Ezkutua erakusketa egitekoa zen Kultur Etxean, baina bertan behera geratu da, koronabirusaren bilakaera dela eta. Ostiralean, dena den, Ariztierdi aterpetxearen inaugurazioa egingo dute herrian, 19:00etan hasita. Ondoren mokadutxoa egongo da frontoian, eta urtekariko azalerako lehiaketaren bozketa egingo dute.