Gaitasunak antolatzen
Badira bi urte Itaia sortu zutela Euskal Herriko toki ezberdinetako emakumeek. Lanketa ideologiko luze baten ondoren eta COVID-19ak sortu duen larritasunaren aurrean, pauso gehiagorako prest daude.
Duela bi urte Euskal Herriko txoko ezberdinetako hainbat emakumeren eskutik jaio zen Itaia, Sare Sozialista modura. Bi urteko ibilbidea izan du jada, eta gaur arte, nagusiki, lanketa ideologiko bat burutu dute. Emakume antolakunde sozialistak iragan ostiralean aurkezpena egin zuen Legazpin.
Itaia Sare Sozialistako kideak dira Anne Guiu (Zaldibia, 1999) eta Garazi Aranburu (Beasain, 1999) Euskal Ikasketetako eta medikuntzako ikasleak dira, hurrenez hurren. «Bizi genuen testuinguruan genero auzia lantzeko erari hainbat gabezi identifikatu genizkion, eta horren harira hartu genuen emakume langileon problematika mahai gaineratzeko hautua; horretarako eta gure ideiak sozializatzera begira, blog bat sortu genuen».
Hala, «gure jardunaren erdigunean kokatu dugu gaurkotasunaren analisi kritiko eta zehatzak gauzatzea». Izan ere, «ez deritzogu ausazkoak direnik egunerokoan jasaten ditugun zapalkuntzen jatorria, ezta horiek gure baitan hartzen duten forma konkretua ere». Haatik, oinarri hauen baitan proposamen politiko ezberdinak garatzen aritu dira. Orain ordea, «bizi dugun egoeraren gordintasunak pausu bat gehiago ematera bultzatu gaitu, honi aurre egiteko ahalik eta eraginkorrena izango den antolakuntza ereduan sakonduz». Hortik eratorri da, Goierriko Itaia.
Ideien sozializazioa
Egoeraren larritasunaz mintzo direnean ez dute alde batera utzi COVID-19ak eragin duen krisi ekonomikoa: «COVID-19ak sortu duen osasun krisiaren ondorioz, azkartzen ari da krisi ekonomikoa, eta horrek, emakume langileongan du eragina, ingurura erreparatu besterik ez dago hortaz jabetzeko». Eta hainbat datu jarri dituzte mahai gainean: «Gutxienez 463 eraso salatu dira Euskal Herrian, irailean». Eta jarraitzen dute esaten; «egunerokoan lan harreman prekarioetara kondenatuta dauden emakume langileak nonahi aurki ditzakegu, krisi testuinguruak kale gorrian utzi dituenak ere bai, zer esanik ez oraindik ere familiako kideen erreprodukzioaz arduratu behar diren emakumeei dagokienez, borrokan diharduten zaharren egoitzetako langileei dagokienez eta abar luze amaigabe bat».
Horren guztiaren larritasuna agerian utzi nahi dute: «Itxura batean gertakari isolatu gisara ageri zaizkigu, hots, kasu guzti hauek elkarrekiko harremanik izango ez balute bezala aurkezten dira gure bizitzetan; «norberaren arazo» bailiran eta sarritan, hala dela sinestarazten digute». Itaiako kideek, ordea, uste dute badutela zerikusirik elkarren artean, badutela oinarri komun bat; «finean, zapalkuntza forma hauetako bakoitzaren atzean badelako interes komun bat: indarrean den sistemaren indartze eta betikotzea, gizarte kapitalistarena, alegia».
Hala ere, gaizki ulertuak ekidite aldera, fenomeno hauek izan duten bilakaera historikoa kontutan izatea ezinbestekoa dela iritzi dute: «Soilik horrela uler genezakeelako egun hartzen duten forma konkretua». Horrekin esan nahi dute, «emakumeon baitan gorpuzten diren zapalkuntzen nolakotasuna prozesu historiko baten ondorio direla, eta garai bakoitzean gailendu diren gizarte interes zein horren baitan egituraturiko elementu kultural/sozialen arabera birformulatuak izan direla zapalkuntza modalitate hauek». Beraz, nabarmentzen dute, zein interesi erantzuten dioten erreparatzea beharrezkoa dela, hauek bere osotasunean borrokatu ahal izateko.
Ondorioak eta erronkak
Egun, ulertzen dute «bizi ditugun zapalkuntzak kasu isolatu izatetik urrun, osotasun bati erantzuten» diotela. «Funtzionala» zaiola «indarrean den sistema kapitalistari», izan ere, «bere interesen baitan artikulatzen da emakume langileon errealitatea». Auzi «estrukturala» da genero problematika; hortaz, «emakumearen askapen erreala ezinezkoa da sistema kapitalistaren baitan proiektatzea».
Hala ere, auzi estruktural horren espresio diren zapalkuntzak borrokatzea berehalako egin beharra dela uste dute; ulertzen dutelako, «honek emakume langilearen bizi baldintzak hobetzearekin batera, genero problematikaren neutralizazioa ekarriko duela eta horren baitan kokatzen dugu gure jarduna».
Uste dute, eskualdeko baldintzetara eta bertako emakume langileen errealitatera egokituz egin behar duela lan Goierriko Itaiak, borroka prozesuak abiarazi behar dituela eta garaipen errealak lortu, azken finean, «gaitasunak antolatu eta hauek areagotzen joan». Horrela, «lotzen gaituzten kateetatik askatzen joan eta antolakuntza politikora batzeko baldintza material zein kulturalak sortzea da apustua». Era berean, eskualde mailan hauspotzen dabilen mugimendu sozialistaren baitan kokatzen dira, eta genero prespektiba landuz, «geure aletxoa jarri nahi genuke sozialismoaren eraikuntzan». Eta berresten dute «antolakundearen izaera politiko sozialista».
Azkenik, jardunaren berri izateko sare sozialak martxan dituzte eta egoerak ahalbidetzen duen heinean, deialdi publiko ezberdinetan parte hartzeko gobita luzatu dute. «Kalean elkartuko gara emakume langileon askapenaren alde!».