Geriatriko zaharrean adinekoentzat apartamentuak egingo dituzte
Zumarragako Udalak lursaila erosi behar dio Faustino Orbegozo fundazioari. Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri behar da adinekoentzat pisuak egin ditzan
Astearte iluntzeko osoko bilkuran Zumarragako Udalak adinekoen egoitza zaharra erostea onartu zuen, aho batez. Udalaren asmoa Eusko Jaurlaritzak bertan adinekoentzako apartamentuak egitea da.
Adinekoen egoitza zaharra Antioko igoeran dago. Faustino Orbegozo fundazio pribatuak ireki zuen, 1970eko hamarkadan. Faustino Orbegozo Esteban Orbegozo enpresariaren semea zen.
2008an, Argixao adinekoen egoitza berria irekitzearekin batera, zaharra itxi zuten. Bertara sartu den jendeak txikizioak egin ditu eta udalak urteak daramatza fundazioarekin negoziatzen. Azkenean, akordio batera iritsi dira. Zumarragako Udalak 50.000 euro ordainduko du eraikinaren eta inguruko lursailaren truke.
Lursaila Eusko Jaurlaritzaren esku jarriko du, bertan adinekoentzako 30 apartamentu eraiki ditzan. Dagoeneko Etxebizitza sailarekin harremanetan jarri da. «Hala, duela 40 urte adinekoen egoitzaren irekiera bultzatu zuen izpiritua bizirik mantentzea lortuko dugu. Geriatriko zaharrean okupekin arazoak izan ditugu eta egitasmo honekin inguru hura biziberritzea lortuko dugu», esan zuen Mikel Serrano alkateak.
Bere ustez, hiru milioi euro inguru beharko dira egitasmoa aurrera ateratzeko. Gainontzeko alderdiak ados azaldu ziren, baina EH Bilduk eta EAJk irisgarritasuna hobetu beharko dela esan zuten. Izan ere, eraikina Antioko igoeran dago: ez dago herrigunean eta, gainera, aldapa bat igo behar da bertara heltzeko.
Serranok irisgarritasun arazoa ez dela larria erantzun zuen. «Guk ere nahiago genuke herrigunean egotea, baina dagoen tokian dago. Urtubiko parketik joan daiteke, nahiz eta Urtubiko parkeko irisgarritasuna ere ez den bikaina. Baina Antioko bidegurutzetik ere joan daiteke. Bertatik espaloia dago. Toki irisgarria da, baina irisgarritasuna hobetzeko lan egingo dugu», aurreratu zuen alkateak.
Kalebarrenen zaharrak bota, berriak egin
Astearteko osoko bilkuran beste erabaki garrantzitsu batzuk ere hartu ziren. Piedad 1eko eta Kalebarren 2 eta 4ko etxeak bota eta bertan etxebizitza berriak egiteko pauso bat gehiago eman zen, xehetasunezko azterketaren onespenarekin. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten.
Alkatea pozik azaldu zen. «40 urte daramatzagu Kalebarren zaharberritu nahian eta azkenean argi berdea piztu da. Lehen fase honetan 27 etxebizitza eta 28 garaje egingo dira, baina guztira 140 etxebizitza inguru egin nahi dira. Ziur lortuko dugula. Oso albiste ona da Zumarragarentzat».
Lehen faseko 27 etxebizitza hauek Sutobal enpresak egingo ditu. Asier Luqui urretxuarra da arkitektoa. Bat, bi eta hiru logelako etxebizitzak egingo dira. Kanpotik hiru eraikin direla emango du eta eraikin berriari egungoen antza ematen saiatuko dira, udalak hala eskatuta. Gainera, hiru metro zabaleko espaloia egingo dute (egungoa askoz ere estuagoa da). Eraikin berria 2023 hasierarako bukatzea espero dute.
Osoko bilkuran Esteban Orbegozo eta Elgarrestamendi lotuko duten igogailua eta pasabidea egiteko obra kontratatzea ere onartu zen. Obraren aurrekontua 546.000 eurokoa da eta Zumarragako Udalak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuaren diru-laguntzak lortu ditu.
Alkateak obra aurten bertan hasiko dela aurreratu zuen. «Bi geldialdi izango dituen igogailua eta pasabidea egingo dira, irisgarritasuna hobetzeko. Herrigunea herriko goialdearekin lotzeko balioko dute».
Bukatzeko, alderdiek taxien hiri barruko tarifak ez igotzea onartu zuten, Agitax Gipuzkoako taxi-gidarien elkarteak hala eskatuta. Koronabirusak taxilariei ere min egin die eta tarifak igotzea kaltegarria izango litzatekeela uste dute.