Goierriko udalei 8 milioi euro murriztuko zaie aurten foru finantzazioa
UFFFren 2020ko itxiera aurreikuspena aurrekontua baino %15,86 baxuago kokatu du Finantzen Euskal Kontseiluak. Aurten 50 milioi jaso dituzte, eta 2021ean 47 izango dituzte.
Koronabirusak astindutako urtean udalek ere finantzaziorik eragina nabarmenduko dute. Urtea itxi gabe dagoen arren, Finantzen Euskal Kontseiluak 2020ko zerga bilketaren kalkulua aurreratu du, eta ez dira datu itxaropentsuak. Gipuzkoan, iaz baino 631 milioi euro gutxiago bilduko direla aurreikusi dute, %12,6ko jaitsiera.
Zuzenean eragingo dio horrek UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari. Azken urteetako goranzko joeraren norabidea bat-batean aldatu da. Aurten, lau ordainketatan guztira 50,8. milioi euro jasoko dituzte Goierriko 23 udalek, iazko aurreikuspenetan oinarritutako aurrekontuari dagozkionak. Baina horietatik 8 itzuli beharko dituzte, %15,86 jaitsiko baita zuzkidura. 2020ko ekitaldiaren behin betiko likidazioa, ordea, otsailean egingo du Gipuzkoako Finantza Kontseiluak.
Hala, 2008-2009 urteetako krisiaren pareko gainbehera espero da udal finantzaketan.
2021erako igoera espero
Kalkuluez eta aurreikuspenez harago, 2019ko likidazioa da azkeneko datu kontsolidatua. 2020ko itxiera aurreikuspena iaz jasotakoa baino %14,78 gutxiago izango dela kalkulatu du kontseiluak.
Bestetik, 2021erako UFFFren aurrekontua ere argitaratu eta banatu du aldundiak. Goierriko udalerriek 47,2 milioi euro jasoko dituzte, 2020ko itxiera aurreikuspenekoak baino 4,4 milioi gehiago (%10,35). Gipuzkoa osoan, UFFFk 47 milioi gehiago izango ditu.
«2021eko ekitaldian 4.649 milioi euro biltzea espero da Gipuzkoan zerga itunduetatik, hau da, 255 milioi euro gehiago (%5,8 igoera) 2020ko itxiera aurreikuspena baino. Ekonomiaren hazkunde nominala %10,1 izatea espero da», azaldu du finantza kontseiluaren txostenak.
Bestetik, zerga araudian aldaketak egiteko asmoa ere iragarri dute, bilketa ziurtatzeko.
Erdibidetik jo dute, beraz, datorren urterako finantzak diseinatzerakoan. Iazko aurrekontu anpatuan baino 3,6 milioi euro gutxiago iritsi dira eskualdera; baina aurtengo itxiera aurreikuspenean espero direnak baino 4,4 gehiago.
2021erako beherakada ziurra izango duena Ezkio-Itsaso izango da. Atzera udalerri bakartzat hartu ditu aldundiak Ezkio eta Itsaso, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren. Udalarentzat 452.000 euro izendatu ditu datorren urterako, aurten Ezkiok eta Itsasok beren aldetik jaso dutena batuta (589.435 euro) baino 137.000 gutxiago, eta itxiera aurreikuspena bera baino 43.500 gutxiago.