Loreek bixitu dute giro goibela
Iganderako hilerri apainketen aitzakian jendez poliki izan zen atzoko Ordiziako feria. COVID-19aren aurkako neurri berriak tarteko, jantzi eta eta osagarrien posturik ez zen izan atzokoan.
Atzoko erakar gunerik nagusiena lore postuena izan zen. Joan zen astean hasi eta atzo ere etenik gabe aritu ziren saltzen eta enkarguak hartzen. Zuzenean gero hilerrian bertan igandean jartzeko. Zentroak dira salduenak bai lore freskoekin eginak eta baita lore moztuekin osatuak ere. Krabelina da salduenetakoa. Azken urte hauetan hilerrien ezaugarrietara moldatu behar izan dute lora ontzien neurria, txiki eta lore sorta asko saltzen da.
Romaneskoa hasi da
Berez Italiako aspaldiko barietatea bada ere, ez da hainbeste urte barazki hau gure baratzetan eta ondorioz azokan lehen aldiz agertu zenetik. Romaneskoa Brassica oleracea espezietik eratorritako barazkietako bat da, azalore barietate bat. Batzuetan romanesko aza, romanesko azalorea edo romanesko brokolia ere esaten zaio. Oso itxura politeko piramidetxo formako puntatxo berde argidunek osatzen dute burua, platerean ere dotore aurkez daiteke. Familia honetako espezie guztiak bezala, propietate aberats askokoa da. Lurrunetan edo uretan egosia jan ohi da, baina gordinik ere jan daiteke. Atzo garaiko lehenak ekarri zituen Lurdes Zurutuza ataundarrak eta euroan salgai jarri.
Udara eta sagar berriak
Cascade izeneko udarea (2,8 euroan kiloa) oso mami leunekoa, gordinik jateko egokia eta Jubile sagarra (3 euroan kiloa) ere atzo ekartzen hasi ziren. Biak Idiazabalgo Kalbariokoak dira eta Aramako Arantxa Zurutuzaren postuan eros daitezke.
Neurriak hizpide
Neurriak zorroztu dituzte berriz ere eta Ordiziarekin muga egiten duten herrietakoek soilik dute berez bertaratzeko aukera. Horrek asko murrizten du Ordiziako bezero kopurua. Ezin da giro normalez hitz egin. Agintariei entzunak sortutako ulertezina mintzagai nagusi bilakatu zen.
Bestalde, joan zen asteazkenean bizi izandako haize bortitzek eragindako kalteak bestetik, ez dituzte erraz ahaztuko: «Holako haize boladarik guk ez dugu sekula ezagutu», zioten Juanita eta Anttoni Murgiondo ahizpek. «Tresmalesak neurriz kanpokoak», gaineratu zuen Juanitak. Baserri bidera eroritako arbola eta adarrek galarazi zioten feriara etortzea.