Lasaitasuna kalean, zalantzak jendartean
Maiatzera arte luzatu du Espainiako Kongresuak alarma egoera. Kaleek ezohiko lasaitasuna erakutsi dute lehen egunetan. Tabernariek beherakada handia nabari dute. Beasainen emaitzen zain daude PCRa egin duten asko
Mugimendu gutxiago eta isiltasun gehiago nabari da Goierriko herri hazienetako kaleetan, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri duenetik. Maiatzaera arte luzatzea erabaki du Espainiako Kongresuak baina kalean dabiltzanak lasai daude. Erosketak egiten, lanean, nonbaitera bidean, kafea hartzen… Domu Santu eguna izango da igandean, eta hainbat tokitan ere hilerrira eramateko loreak erosteko aukera izan dute herritarrek asteburua iritsi aurretik. Ordizian, adibidez, loreen salmentarako mahai bat jarri zuten atzo, udaletxe parean. Jende gutxiago zebilen dendetan ohi bezala atzo Ordizian, halere, azoka eguneko biharamuna izanik.
Loreekin batera, eguzkia ere atera da. Urretxun atzo izan zen azoka eguna, eta antzerakoa da egoera kalean: neurriak egunerokotasunera egokitzen saiatzen dira herritarrak. Bigarren etxealdirik ez dute nahi ordea: «Neurriak betetzen baditugu egoerak hobera egingo du eta ez dugu halakorik izango», esan du herritar batek. Neurriek zeresana eman dute sortzen dituen zalantzengatik eta kasu batzuetan distantziak mantentzea ez delako erraza izaten. Adibidez, ahoz aho ibili da asteburuko bideo bat, non tren bat jendez beteta agertzen den. Erabiltzaile batek azaldu duenez, alarma egoera ezarri denetik jende gutxiago eta segurtasun-indar gehiago dago tren zerbitzuan: «Fluxua orduaren araberakoa izaten da».
Tabernak, larri
Alarma egoerak kezka piztu du ostalaritza sektorean, eragin zuzena izan baitu. Beherakada nabarmena izan da: «Egoera gaizki dago; aurreko astean jende-mugimendua gutxitzen hasi zen eta orain alarma egoerarekin oso jende gutxi dabil», azaldu du Ordiziako Illy tabernako arduradunak.
Beharrezko produktuak erostera ateratzen dira herritarrak kalera. Farmazietan, adibidez, sendagaien, maskaren eta gel hidroalkoholikoaren salmentak bere horretan jarraitzen du, baina parafarmazia produktuen beherakada nabari dutela azaldu du Alejandro Garcia farmazialariak.
Beasainen, bestalde, kezka bestelakoa da. Izan ere, astelehenetik asteazkenera bitartean egin dituzten PCR testen emaitzen zain daude hainbat beasaindar. Astelehenean 1.000 proba inguru egin zituzten, eta guztira 4.000 egitea zuten helburu. Osasun Sailak, halere, ez du zifra zehatzik eman. 72 orduetan jasoko dute emaitza eta bitartean, neurriak beteta egunerokotasunera ahalik eta hoberen egokitzea izango da xedea.
Kultur ekintzak, soilik herri mugakideetan
Bigarren alarma egoeraren ezarpenak kultur sektorean ere eragin zuzena izan du. Aurreneko zalantzen ostean, Eusko Jaurlaritzak kultur eremuko jarraibideak zehaztu ditu. Euskal Autonomia Erkidegoan, kultur emanaldiak ikustera joateko aukera izango da, baina soilik mugakide diren herrietara. Kontrolik balego, joan-etorria sarreraren bidez justifikatu beharko litzateke. Beraz, Goierrin ere alboko herrietara bakarrik joan ahal izango da kultur ikuskizunetan parte hartzeko.