Olerkia, emakumea eta doinua, hiru musikalitate
Tere Irastortza idazle zaldibiarraren olerkiak 'Hitzak hots' liburu eta disko bilduman txertatu dituzte Antton Valverdek eta Anjel Lertxundik, beste lau emakumeren testuekin batera. Pianoz musikatu dituzte.
Formula maiztua den arren, badu berritasunik bere baitan Hitzak hots disko-liburuak. Idazleen testuak musikatzea literatura bezain zaharra da ia, baina kasu honetan emakumezkoak eta euskal poetak hartu dituzte aintzakotzat. Normaltasun aspalditik beharko lukeena, estreinako. Tere Irastortza idazle zaldibiarraren olerkiak aukeratu dituzte bildumarako, Arantxa Urretabizkaia, Miren Agur Meabe, Itxaro Borda eta Jule Goikoetxearenez gain. Anjel Lertxundik egin du idazle eta poema proposamena, eta Antton Valverdek aukeratu eta musikatu ditu ondoren.
Abenduaren 18an, Donostiako Txillida-Lekun egindako emanaldian du sustraia Hitzak hots lanak. Martxoan kaleratua behar zukeen, baina pandemiak atzeratu du. Herenegun aurkeztu zuten, Donostian. Pamiela argitaletxeak argitaratu du, Gipuzkaoko Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak lagunduta.
Lertxundik azaldu duenez, Lauaxeta, Lizardi eta Lete musikatu zituzten Hiru Ele proiektuan du sustraia Hitzak hots-ek. «Emakume itzultzaile gero eta ugariago eta hobeak zeudela esan genuen, eta euskal poesian emakumeak zer tokia eta ahotsa hartzen ari ziren atera genuen hizpidera. Baina, nola zitekeen euskal kantagintzan hain emakume gutxiren poemak musikatu izana, eta emakumearen hain presentzia urria izatea? Lehia hori jarri genion geure buruei Anttonek eta biok».
Lertxundik gustuko liburu batzuk pasatu zizkion Valverderi, eta hark bereizi zituen piezak: «Esan nion nik ez nizkiola poemak aukeratuko, musikariak dakielako zer poemarekin dagoen lasai eta zeinekin ez».
Aukera handitik arrantzan
«Intuizioaz eta gustuaz» baliatu da Valverde olerkiak aukeratzeko. «Poemek erritmoa dute, eta melodia irakurleak jartzen dio. Poema baten irakurketatik abiatuz egin nuen nik lan. Liburuak eskuetan hartu, mila buelta eman, eta azkenean poema batzuekin maitemintzen zara».
Bost poetaren zortzi olerki musikatu ditu. 5 eta 8, zortzikoaren erritmoarekin lotu du. Konpas horrek bilduman egon behar zuela, eta Bordaren Olagarre berriz moldatu zuen, zortzikotuz.
Irastortzari asko gustatu zaio bere zein poema aukeratu bi dira eta nola musikatu dituzten. «Biak niretzat oso hunkigarriak ziren, eta gaur egun, gorputza lotzen ari garen garai honetan, esanguratsu bihurtu dira».
Idazleen aukeraketaz, berriz, zera dio Irastortzak: «Bost emakume antologia batean batera topatzea arraroa da. 50 ere egon zitezkeen. Bizi garenon artean, gutxienez 600 ari gara euskaraz idazten. Arrantza egiteko aukera badago. Asko poztu nau, baita ere, sarearekin arrantzan batera ikustea Antton eta Anjel».