San Jose egoitzan bizi den egoera salatu dute ELAk eta LABk
Azpiegiturak hobetzeko hilabeteetan itxita egon eta gero, COVID-a duten adinekoak artatzeko zentroa da. Langileek diote lan baldintzek ez dutela hobera egin.
Aspaldiko gatazka da adinekoen egoitzetakoa. Badira ia bi urte, ELA sindikatuak Gipuzkoako erresidentzietako langileen lan baldintzak duindu bidean, mobilizazioak hasi zituela. COVID-19arekin «arazoa larritu» egin dela salatu dute, behin eta berriro, iragan astean azkenekoz. Izan ere, San Jose egoitzako instalazioak egokitzeko eta hobetzeko hilabeteetan itxita egon eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kabia erakunde autonomoak kudeatuta, koronabirusaz kutsatutako adinekoak artatzeko da gaur-gaurkoz, eta erresidentzietako langileek, Ordiziako egoitzan bizitzen ari diren egoera salatu zuten, Ordizian.
ELA sindikatuak dio, orain arte baino lan talde txikiagoarekin ireki dutela egoitza. COVID-19aren lehen kolpean «langilerik, baliabiderik eta egitura arkitektoniko egokirik ez zegoenez, bertan bizi ziren pertsonen %50a hil zen». COVID-19aren aurretik «15 erabiltzaile artatzeko hiru laguntzaile zeuden, orain solairu batean 18 lagunentzako hiru laguntzaile daude, beste batean 19 lagunentzako beste hiru, eta beste batean 21 lagunentzako beste hiru, eta arratsaldean solairu bakoitzeko bat gutxiago». Gainera, txanda bakoitzean 58 egoiliarrentzat erizain bakarra egongo dela, eta egunean 20 orduz ez dela medikurik egongo, eta horren guztiaren ondorioak «oso larriak» direla, «bai langileentzat, bai erabiltzaileentzat ere».
Gehiago ere bada ELAk jakinarazi duenez: «Langileok COVID-19arekin gaixo dauden aiton-amonen higienea egiteko 3 minutu ditugu, eta egunero dutxatu ordez toallita batzuk erabili behar ditugu, bestela ez da posible». Irekieraren lehen egunetako «kaosa» ere kritikatu dute: «Zentrura gaixoak iritsi ahala ez digute bakoitzaren informaziorik eman, diabetikoak diren, dependienteak diren, ezta nola deitzen diren ere».
LABk ere salatu du egoera
ELA sindikatuak Ordizian egin zuen elkarretaratzearen ondotik, LAB sindikatuak ere salatu du San Jose egoitzako egoera. Egoitzaren itxiera berrikuntza batzuk egiteko eta irekiera COVID-19ko egoiliar asintomatikoen erreferentziazko zentro izateko «aprobetxatu» duela diote.
«Egun gutxitan COVID19 egoiliarrekin betetzen ari da egoitza, ez da eman beharrezko koordinazioa, langileak egoiliarren geletan sartzean ez dakite, norena doazen, zer patologiekin datozen eta ze laguntza mota behar duen». LABek dioenez, langileen lan-karga eta erritmoak «egunetik egunera handiagoak» dira, eta horrez gain, «protokoloak egun batetik bestera aldatzen» direla eta horiek ez direla «langileekin adosten».
San Josek itxiera aurretik «ratio batzuk» zituen, «onargarriak eta beharrezkoak», baina «katalogoko neurriak» ezarri dituztela uste du sindikatuak. «Guzti honen ondorioak larriak dira. Langileak euren osasuna arriskuan jartzen ari dira, egoiliarrek ezin dute merezi duten zerbitzua jaso, eta beraien osasuna ere arriskuan jartzen da».
Egoera honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak «lan gatazkari irtenbidea emateko inongo neurririk» ez duela hartu salatu du, eta indarrean dagoen ratioen inguruko katalogoa ez duela aldatu. LABen iritziz, Gipuzkoako Foru Aldundia «helduekin egiten ari denak ez du izenik».