Tokirik zailenetara iristeko prest
Mendiko erreskatean trebatzeko formakuntza jasotzen ari dira Gipuzkoako berrehun suhiltzaile Ataunen, Jentilbaratzako harrobian. Suhiltzaileek ontzat jo dituzte probak, eta oso esperientzia ona dela adierazi dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek 2.000 larrialdi ingurutan esku hartu behar izaten dute urtero. Tipologia eta larritasun desberdinekoak izaten dira; tartean, mendi erreskateak. Larrialdi zerbitzuetatik iristen diren datuen arabera, gisa horretako esku hartzeen joera goranzkoa da. Lantaldea sendotu eta espezializatzeko asmoz, mendi erreskatean formakuntza jasotzen ari dira egunotan Gipuzkoako berrehun suhiltzaile.
2018a baino lehen ere laguntzen zuten Gipuzkoako suhiltzaileek mendiko erreskateetan, baina Ertzaintzak hala eskatzen zuenean bakarrik. Duela bi urte, ordea, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen mendiko erreskateetan suhiltzaileak ere aritzea. Gaur egun, mendian istripu bat gertatzen denean, suhiltzaileek abisua jasotzen dute zuzenean. Halako egoeretan jarduteko beharrezkoak diren gaitasunak eskuratzeko, guztiz beharrezkoa da formakuntza berezia izatea, eta horretan ari dira Gipuzkoan.
Erreskaterako formakuntza praktikoa ari dira jasotzen herrialdeko suhiltzaileak Ataunen, Jentilbaratzako harrobian. Iragan hilaren 19an hasi ziren, eta azaroaren 3ra arte ariko dira. “Soka baten aurrean zer egin garbi izatea” da helburu nagusia, Sergio Maiztegi suhiltzailearen arabera. Trebakuntza ematen ari direnetako bat da hura, mendi erreskatean adituak diren beste zazpi suhiltzailerekin batera.
‘Alert’ proiektua
Mugaz gaindiko Europako Alert proiektuan du jatorria trebakuntzak. Larrialdien alorrean eskumena duten zerbitzuen arteko lankidetza bultzatzea du xede egitasmoak, eta haren parte dira Pirinio Atlantikoetako (Ipar Euskal Herria eta Okzitania), Nafarroako, Aragoiko (Espainia) eta Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuak. Irunen eta Hendaian (Lapurdi) elkartu ziren duela bi urte, eta elkarrekin lanean jarraitzeko borondatea berretsi zuten, larrialdiei batera erantzuteko. Elkarlan hitzarmen bat sinatu zuten lau eremuetako erakundeek, eta 3.399.274 euroko inbertsio bat egitea aurreikusi zuten. Funts horren %13, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu zuen bere gain. Europako Batasunak proiektuaren%65 finantzatu du. 2018-2020 epealdian izango da martxan.
Maiztegi suhiltzaileak gertutik ezagutzen du lankidetzako egitasmo hori: “Suteak eta merkantzia arriskutsuekin gertatutako istripuak lantzeko asmoz abiarazi zen. Aurrerago, ordea, zerbitzua handitzeko asmoa agertu zuten, eta uretako eta mendiko erreskatea ere sartu zituzten”. Hasieran, mendi erreskateen arloak ez zuen interes handirik sortu, baina gerora Gipuzkoako suhiltzaileentzat aukera ona izan zitekeela pentsatu zuten, eta arlo hori lantzea erabaki, mendiko erreskaterako beharrezko formakuntza jasotzeak talde osoago bat egiten lagundu zezakeela iritzita.
Gipuzkoako zortzi suhiltzaile prest agertu ziren Alert proiektuan parte hartzeko. Frantziako Estatuan jaso zuten formakuntzaren lehen saioa, mendiko erreskatatzaile titulua lortzeko. Zortzi suhiltzaile horiek dira asteotan Jentilbaratzako harrobian egiten ari diren praktika saioak gidatzen ari direnak.
Formakuntzak hogei ordukoa izan behar zuen hasiera batean. “Maiatzean eta ekainean egiteko programatu zuten, baina bertan behera geratu zen, COVID-19ak hala behartuta”, dio Maiztegik. Hark argitu duenez, “hurrengo urtean egitea zen asmoa, baina formakuntza saio murriztuago bat egitea erabaki da aurten, Aldundiaren zerbitzuaren egoera zein den baloratzeko”. Ikastaroa baliatuko dute, “suhiltzaileek horrelako terrenoetan zelako maila duten neurtzeko”, haren arabera. Horrez gain, “gutxieneko gaitasun batzuk irakasteko ere” lanean ari direla esan du. Sei orduko formakuntza saioa egiten ari dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaile guztiak pasatuko dira bertatik.
Hiru ikasgai nagusi
Lau gune antolatu dituzte, eta hiru teknika landuko: bizitza lerroak, progresio bertikala —soka batetik igotzea eta jaistea, segurtasun neurriekin— eta progresio dinamikoa edo eskalada. “Mendian egiten diren erreskate gehienak goitik behera egiten dira, hori baita helburura heltzeko modurik errazena eta logikoena”, adierazi du Maiztegi suhiltzaileak. Baina sor daiteke behetik gora egiteko beharra ere, momentu jakin batzuetan. Egoera hori “nahikoa delikatua” dela dio, arriskua handitzen delakoan. “Edozein tokitatik soka bat botatzen dugunean, lotuta goaz, eta arriskua ez da horren handia; alderantziz denean, ordea, esan bezala, arrisku handiagoa dago”. Maiztegik nabarmendu duenez, “Gipuzkoako suhiltzaile denek soka bat ikusten dutenean zer egin behar duten jakitea da aurtengo helburu nagusia”.
Formakuntza saioetan parte hartzeko aukera oso ontzat jo dute suhiltzaileek, Maiztegiren ustez: “Hasiera batean, beldurra genuen, baina guztien erantzuna oso ona izan da”. Oraingoz, eguraldia ere lagun izan dute, eta horrek ere lagundu duela dio: “Ez baita samurra horrelako praktikak eguraldi txarrarekin egitea”. Horiek horrela, jendea pozik nabaritu duela esan du, eta irakaspenak jaso dituztenek formakuntza guztiz beharrezkoa zela helarazi dietela.
Hala uste du formakuntzan parte hartu duen beste suhiltzaile batek ere: Imanol Arteagak. Duela 15 urtetik da suhiltzailea, eta, urte hauetan guztietan beste formakuntza saio batzuetan parte hartu badu ere, horrelakorik aurretik ez du izan: “Oso esperientzia ona eta positiboa izan da, eta, ez hori bakarrik, baita guztiz beharrezkoa ere, gure egunerokoan gerta litezkeen abisuei erantzun osoagoa emateko prestatzen baikaitu”.
Lehengo aldean, asko
Mendiko erreskateak ugaritu egin dira azkeneko hilabeteetan; batez ere COVID-19aren aurkako neurririk gogorrenak indargabetu ostean nabaritu zuten gorakada. “Zoramena” izan dela adierazi du Maiztegik: “Mendiko erreskateen kopuruak nabarmen egin du gora; aste bukaera bakoitzean izaten dira abisuak, eta bi edo hiru aldiz irten behar izaten dugu guk. Lehen, hilean behin-edo egiten genituen horrelako irteerak”.
Batik bat, nabarmen egin dute gora mendi bizikletarekin izandako istripuek. Errepidean bizikletarekin izandako ezbeharrak ere gehitu egin direla adierazi du Maiztegik. Hori bakarrik ez, mendira oinez joan direnen istripuek ere gora egin dutela dio. Lanetik kanpora ere, datu ofizialei erreparatu gabe, alde handia nabaritu duela ziurtatu du: “Aizkorri inguruan azkenaldian dabilen jende kopuruak ez du zerikusirik lehen ibiltzen zenarekin”. Eta ekuazioa erraza da: zenbat eta jende gehiago ibili, istripuak ugaritzeko probabilitatea are handiagoa da. “Mendiko erreskate bat ez da erreskate urbano bat bezalakoa”, Maiztegik dioenez, eta uste du garrantzitsua dela oinez nahiz bizikletaz mendira joaten direnek hori kontuan izatea. Eguraldi onarekin zenbait erreskate egiteko zailtasunak izaten direla dio, eta, eguraldia lagun ez bada, arazoa handitzen dela.
Gomendioak
Mendira joan ohi direnentzako gomendioak gogoratzea ere ez dago sobran halako egoerak saihesteko, Maiztegiren arabera. “Lehenengo gomendioa da mendira bakarrik sekula ez joatea”, nabarmendu du.
Suhiltzaileak gehitu du egun eskura dauden erreminta teknologikoak “oso lagungarriak” izan daitezkeela istripuren bat gertatzen denean edo mendian galtzeko arriskua dagoenean. Horrez gain, mendira joan aurretik eguraldiaren iragarpenak aztertzea gomendatu du. Horrekin batera, aholkatu du kalkulatzea zenbat denbora beharko den kasu bakoitzean ibilbidea egiteko, “mendian disfrutatu, eta garaiz eta ongi bueltatzeko”.