Bazkaltzera, aldameneko herrira
Alarma egoerak muga asko jarri dizkie Goierriko jatetxeei, baina ondoko herrira bazkaltzera joan daitekeela gogorarazi dute. Jatetxe batzuk etxerako janaria prestatzen ere hasi dira.
Goierriko jatetxeak kezkatuta daude, alarma egoerak eta hartutako neurriek apenas bezerorik gabe utzi dituztelako. Norbere herrian ez ezik, mugakide diren herrietan ere kontsumitu daitekeela gogorarazi dute, jatetxe batera bazkaltzera joatea, aktibitate sozio-ekonomiko bezala hartzen baita. Asteburuko giro ona aprobetxatuz, aukera ona izan daiteke bertako gastronomia ezagutu eta inguruko jatetxeei bultzada bat emateko.
Mutiloako Ostatuak jatetxea zabalik mantentzea erabaki du, nahiz eta egunotan oso jende gutxi dabilen. Lan falta hori konpentsatzeko, etxerako jakiak prestatzen hasi da, berriz ere. “Hau ostatu bat da eta udalarekin kontratu bat dugunez, irekita jarraituko dugu, herriko jendeari behintzat zerbitzua emateko”. Inguruko herrietako jendeak etortzeko aukera badu ere, “inguruan herri txikiak” dituztela gogorarazi du Iñaki Telleria sukaldariak. “Ez da ondoan herri handi bat izatea bezala, ezin da hainbeste jende mugitu”. Hori dela eta, etxez etxeko zerbitzua eskaintzea pentsatu dute berriz. “Gaur da lehen eguna banatzen hasi garena eta harrera ona izan dugu, jendeak ere eskertzen du zerbitzua ematea”. Plater solteak eskaintzen dituzte, dozena bat aukeran, eta bezeroak nahi dituenak eskatu ditzake; “hotzean eramaten dugu eta etxean berotu besterik ez da egin behar”. Aurreko konfirnamenduan ere eskaini zuten zerbitzu hori, eta orduan ere harrera ona izan zuela azaldu du Telleriak.
Etxerako janaria prestatzen
Aurreko konfinamenduan bezala, orain ere jatetxe bat baino gehiago hasi dira etxerako janariak prestatzen. Ohiko jatetxe zerbitzuarekin konbinatu dute batzuk; besteek, ordea, jatetxea ixtea erabaki dute, jenderik ez datorkielako. Hori da Ormaiztegiko Kuko jatetxearen kasua. Iker Markinez sukaldariak azaldu du “gobernuek hartzen dituzten erabakien mende” daudela, eta egoera ikusita “jatetxeari beste norabide bat” emateko erabakia hartu duela. “Apurrak ematen ari dira, eta guretzat oso urri gelditzen da. Hasieran ezin zen herritik atera, gero pixka bat moldatu dute, ondo herrira joateko, baina jendeari zailtasun handiak jartzen dizkiote, bai mugitzeko, ordutegiak direla… Gurea bezalako jatetxe batean, %95 herritik kanpoko jendearentzat lan egiten dugu”. Hori dela eta, hemendik Eguberrietara bitartean behintzat, jatetxea itxi eta etxerako zerbitzua ematea erabaki du. “Dastatze menu bat sortu dut bi lagunentzat, Kuko Etxean izena jarri diot; janaria etxera eramateaz gain, lortu nahi duguna da jendea etxean egonagatik Kukon balego bezala sentitu dadila”. Azkenean, “jendeari irtenbide bat” eman behar zaiola uste du, mugitzeko dauden zailtasunen aurrean. “Irtenbide bat da, bezeroekin tratua mantentzeko ikusten dudan aukera bakarra baita. Ez dut irudikatzen Kuko itxita eta hiru hilabetez bezeroekin inolako traturik izan gabe. Gure nortasuna mantenduko dugu, baina etxera eramanda”
Sagardotegiak ere, zalantzan
Sagardotegien egoera ere antzerakoa da. Denboraldi betean itxi behar izan zituzten ateak, eta udan hasi ziren berriz ere martxan. Orain, kanpaina berria hasi dute, ondoko herriko sagardotegira otordua egin daitekeela gogoratzeko. Batzuk, Ataungo sagardotegia kasu, sagardoa etxeraino banatzen ere hasi dira.