COVID-19ak osasunean duen eraginaz gehiago jakiteko aukera
Gaia jorratuko dute etzi Legazpin mediku baten laguntzaz. Mizelio Urola Garaia taldeak antolatu du hitzaldia. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da.
COVID-19ak eragindako osasun egoeraren kudeaketak jarrera kritiko ugari ekarri ditu, eta horien artean Euskal Herri mailan indarra hartzen ari denetako bat Mizelio mugimenduarena da. Mundu osoan bizi den osasun krisiaren inguruko hausnarketa sustatzea du helburu Mizeliok, eta Goierri garaiko herrietan helburu horrekin bat egiten duten hainbat pertsonek talde bat sortu zuten irailaren hasiseran.
Mizelio Urola Garaiko kideek hainbat ekintza burutu dituzte dagoeneko COVID-19aren osasun krisiaren kudeaketaz hausnartzeko, eta hurrengoa aste honetan bertan izango da, Legazpin, COVID eta osasuna izenburuarekin Juanjo Martinez medikuak egingo duen hitzaldia, hain zuzen.
Juanjo Martinezen hitzaldia Legazpiko kultur etxean izango da, ostegunean, azaroak 5, 18:00etan. Kultur etxeko aretoaren edukiera 32 pertsonara mugatuta dago, eta horregatik derrigorrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako honako helbide hoentara idatzi behar da: mizelioug@gmail.com.
Medikuntza ikuspuntua
Goierri garaiko Mizelio taldeko kide den Diego Calvok azaldu duenez, «komunikabideetan informazio asko zabaltzen ari da COVID-19aren inguruan, baina horrek nahasmena sortu besterik ez du egiten, eta gure ustez medikuntza ikuspuntua falta izan da». Alor horretako ikuspuntuak egon badaudela gehitu du Calvok, «baina beti dira berdinak», eta Legazpiko hitzaldiaren helburua «kontzeptuak argitzea, eta zalantzei erantzutea» izango da.
Juanjo Martinez zirujau orokorra eta digestio zirujaua da, eta «bizitza osasuntsu bat eramateko jarraibideak» emango ditu hitzaldian, izan ere, Calvoren esanetan, «momentu honetan badirudi COVID-19a besterik ez dagoela, eta osasuna hori baino gehiago da, ez bakarrik ez kutsatzea».
Hitzaldi irekia dela nabarmendu du Calvok, eta gaurko osasun egoeraz kezkatuta dagoen edonori zuzenduta dagoela. Aldi berean, Mizelio Urola Garaia taldean ere ateak irekita daudela esan du, eta taldearekin harremanetan jarri nahi duenak helbide elektronikora mezu bat bidaltzea besterik ez du.
Erakundeekin kritiko
Iraila hasieran hasi ziren elkartzen gerora Mizelio Urola Garaia taldea osatuko zuten herritarrak. Aurretik harremana bazuten sare sozialen bitartez, eta euren ikuspuntuak elkarbanatzen zituzten koronabirusaren gaiaren inguruan, ez zuten bat egiten entzuten eta ikusten zutenarekin. Horregatik elkartzea erabaki zuten, Euskal Herriko beste toki batzuetan zabaltzen ari ziren Mizelio taldeen esperientziak baliatuta.
Hainbat esparruko jendea dela azaldu du Calvok, «hezkuntza, osasuna, psikologia, talde alternatiboak, ingeniaritza…». Koronabirusaren inguruan erakundeak egiten ari diren kudea- ketarekin kritikoak dira, «hezkuntzaren alorrean, adibidez, guraso batzuk ez gaude ados eskoletan ezarri dituzten protokoloekin». Berrikuspen bat egitea eskatzen dute, protokoloak «gehiegizkoak» direla iruditzen zaielako. Izan ere, «orain arte behintzat eskolak kutsatzeko guneak ez direla ikusi da, arriskua oso baxua dela».
Hezkuntzaren gaia jorratzeko hitzaldi bat egin zuten Legazpin duela bi aste, eta harrera ona izan zuen. Horrek indarra eman die taldekideei lanean jarraitzeko; Mizelio mugimendua ez da eztabaidatzeko gunea soilik, baizik eta «egiteko gunea».