EH Bilduk behar sozialetan oinarritutako aurrekontuak eskatu ditu
Herritarren beharrei aurrea hartu behar zaiela defendatu dute eta "bestelako proiektuak, urbanistikoak adibidez, bigarren maila batean utzi beharko genituzke"
EH Bilduk behar sozialei “lehentasuna” ematen dieten aurrekontuak aurkeztu ditu. “Hirigintza proiektuetara bideratutako inbertsioak ondo berraztertu beharko genituzke. Udalaren baliabide ekonomikoak benetako premietara bideratzea inoiz baino garrantzitsuagoa izan daitekeela uste dugu”, diote. Hiru irizpidetan oinarritu dira proposamena osatzeko: COVID-19ak sorturiko egoera, 2020ko aurrekontuak eta 2021eko erronkak.
COVID-19ak sortutako beharrei erantzuteko laguntza plana | 400.000 € |
Larrialdi egoerari erantzuteko laguntzak | 150.000 € |
Autonomo eta mikroenpresentzako diru-laguntzak | 100.000 € |
Oinarrizkoetarako (ura, gasa, etxebizitza) laguntzak | 80.000 € |
Haur eta menpekoen zaintzarako laguntza lerroa | 20.000 € |
Ikastetxeei suertaturiko beharrei aurre egiteko laguntzak | 15.000 € |
Eskola materiala erosteko laguntzak | 15.000 € |
Gizarte segurantzako erregimen orokorreko etxeko langileen diru-laguntzak | 15.000 € |
Eskola irteerak eta eskola kanpoko jarduera egiteko laguntzak | 5.000 € |
Birgaitze proiektuak (2020ko aurrekontuak) | 30.000 € |
Bista alai birgaitzeko proiektuak | 15.000 € |
Isabel Olano parkea birgaitzeko proiektuak | 15.000 € |
Herri onurarako proposamenak | 352.000 € |
Gaztedi saila berrartzea |
150.000 € |
Energia: plaka fotovoltaikoak | 100.000 € |
Mugikortasun mahaiko ondorioak gauzatzeko baliabideak | 50.000 € |
Kultur sorkuntzarako diru laguntza lerroa | 15.000 € |
Euskara ikasteko doakotasunerako (C1 maila) laguntzak | 15.000 € |
Azoka sustatzeko kabinak plazapean jartzea | 10.000 € |
Amiantoa iragartzeko plana | 7.000 € |
Markesinak egokitzea | 5.000 € |
EH Bilduren ustez pandemiak behar ezberdinak sortu ditu herritarren artean, eta guztiei erantzuteko moduko aurrekontuak direla dio. “Ezinbestekoa da behar hauei erantzuna emateko baliabide ekonomikoak ezarri eta sortu beharreko diru partidak zehaztea. Honek izan beharko luke udalaren lehentasuna”. “Udala izanik herritar hauetatik gertuen dagoen instituzioa, berari dagokio hauei erantzun irmo eta zabal bat ematea”.
Kexak Udal Gobernuari
EH Bilduk salatu du Udal Gobernuak “definiziorik gabeko kontzeptuen zerrenda bat” aurkeztu dietela, eta horrek oposizioaren lanketa “erabat” zailtzen duela. “Esan zaigu kontzeptuei begiratzeko eta ez ditu kantitateei, eta hau ez da prozedura egoki bat. Aurrekontuak ahalik eta zehatzenak izan behar dutelako eta kontzeptuez gain zenbat diru erabili nahi den zehaztea ezinbestekoa delako. Bestela, azkenaldian ohikoa bihurtzen den prozedura ez egokiez baliatzen gara; etengabeko kreditu aldaketak, gehiegizko kontratu txikia etb. Hau saihestu genezake”. Aurrekontu parte-hartzaileak inoiz baino beharrezkoagoak direla babestu dute.