Goierriko hamar positiboetatik sei urrian atzeman dira, 1.455 kasu guztira
Azken hilabetean aurreko zazpi hilabeteetan baino jende gehiago gaixotu da. PCR probak ere inoiz baino gehiago egin dira. Intzidentzia tasa EAEkoaren bikoitza da
Urrian 1.455 lagun gaixotu dira Goierrin, pandemiaren lehen zazpi hilabeteetan baino gehiago. Martxotik hona atzeman diren 2.353 positiboen %61,8a azken hilabetean izan da.
PCR probak ere inoiz baino gehiago egin dira. Osasun Sailak ez du zehazten Goierrin zenbat proba egin diren, baina ideia bat egiteko, Beasainen pasa den astelehenetik asteazkenera 3.341 proba egin ziren. Ordiziako eta Zaldibiako baheketan, berriz, 2.629. Bi kasuetako positibotasun tasa ez zen %5etik pasa, adituek gomendatzen duten bezala. %1aren bueltan ibili zen.
Positibo berrien kopurua jaitsi egin da azken astean. 397 zenbatu dira zehazki, aurreko astean baino 89 gutxiago. Halere, duela bi aste baino positibo berri gehiago dira eta, ondorioz, azken hamabostaldiko positibo berrien tasa ez da jaitsi. Pandemia hazten ari da, baina motelago. Goierrin 880 COVID-19 kasu aktibo daude, gutxi gorabehera.
Intzidentzia, gora
Intzidentzia tasak ere goranzko joera erakusten du. Pasa den astean 60 lagunetan handitu da kopurua eta 1.261,43 gaixotan dago. Goierriko intzidentzia tasak Euskal Autonomi Erkidegokoa bikoiztu egiten du. Are gehiago, Goierri-Urola Garaia osasun eremuak du EAEko intzidentzia tasarik handiena: 1.239,73 gaixo 100.000 biztanleko.
Ordiziak du eskualdeko intzidentzia tasarik handiena (1.895,69), aurreko astetik txikitu egin den arren. Beasainen ere behera egin du eta 1.589,23 gaixotan kokatu da, nahiz eta asteburuan atzeman diren 149 kasuen hirutik bat bertan zenbatu den.
Lazkaoren, Legazpiren, Urretxuren eta Zumarragaren kasuan gora egin du intzidentziak: Urretxuk 1.000ko langatik gora jarraitzen du eta Legazpi eta Zumarraga hurbildu egin dira, 996,44 eta 911,23 gaixoekin, hurrenez hurren. Lazkaok 100.000 biztanleko 865,02 gaixoetako intzidentzia tasa du. Herri txikiagoetan intzidentzia tasa ez da kontuan hartzen lagina txikiagoa delako eta positibo bakarrak gora behera handiak eragiten dituelako. Halere, Araman, Ataunen, Idiazabalen, Itsasondon, Legorretan, Mutiloan, Ormaiztegin, Seguran eta Zaldibian kasu berriak atzeman dira asteburuan.
Iñigo Urkullu lehendakariak Radio Euskadin esan du egoera «kezkagarria» dela eta ez du baztertu «ezinbestekoa ez den ekonomia jarduera oro etetea».