"Ekosistema turistikoa" indartzeko garaia dela esan du Osinaldek Goiturren 20. urteurreneko ekitaldian
Turismoaren balioa azpimarratu dute eragileek: "abuzturik onena izan gabe, Goierrin gutxienez gau bat igaro duten 16.320 turistek 752.000 euroko diru sarrera eragin dute"
Goiturrek 20 urte bete dituela eta, turismo agentzia osatzen duten herrietako alkateak eta sektoreko arduradunak Igartzan bildu dira. Guztiek turismoaren ekarpen ekonomikoa azpimarratu dute, eta duela 25 urte hasitako apustua sendotzeko beharra nabarmendu. “Gaur egun turismo sektoreak bizi duen egoera zail honetan, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Goierriko sektore turistikoa indartzea”, esan du Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak. “Inoiz baino garrantzitsuagoa da gure ekosistema turistikoa osatzen duten enpresen alboan egotea, Goierri eskualdea promozionatzea, eta duela 25 urte egin bezala, eskualdeko ekonomia dibertsifikatzea turismoaren bidez”.
Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoa Saileko zuzendari nagusiaren arabera, Gipuzkoako BPGren %7,6a turismoak sortzen du, beste Lurralde Historikoetan baino gehiago. Goierri behearen kasuan, kopurua %8,1era hazten da. “Abuzturik onena izan gabe, Goierrin gutxienez gau bat igaro duten 16.320 turistek 752.000 euroko diru sarrera eragin dute”. Goiturren aurrekontua baino handiagoa da kopuru hori, eta are handiagoa litzateke lorik egin gabe egun pasa etorri diren bisitariak kontabilizatuz gero.
Goiriak elkarlanaz hitz egin du aurrera joateko. “Pandemiak gogor astindu du sektorea eta aldaketa sakonak ekarri ditu. Orain da unea COVIDak mundu mailako turismoak ekarriko dituen joera berriak antzemateko eta, horien arabera, gure burua egokitzeko”.
Goitur, gurpil gainean
Goiturrek 20 urteotan izandako garapena “handia” Osinalderen hitzetan. “1996an 174 ohe genituen eskualdean. Gaur egun, oso gutxi falta zaizkigu 1.000 zenbakira iristeko. Datorren urtean lortuko dugu, Ordiziako hotela zabaltzean”. Hazkundea hiru neurgailuetan nabari dela aipatu du: lehiakortasunean, ekosistema turistikoan eta komertzializazioan. “Lehen urte haietan Zeraingo museo etnografikoa, Zumalakarregi museoa eta senderismoko ibilbide batzuk genituen ardatz bezala. Gaur egun, hiru produktu multzo ditugu, bakoitza bere izenarekin eta barnean hainbat produktu turistikorekin: gastronomia edo Idiazabal lurraldea; natura edo Basque highlands; eta kultura edo Euskadiko bihotza. Goierri eskualdea, destino turistiko bezala saltzetik publiko desberdinetara zuzenduriko produktu turistiko anitzak saltzera pasa gara”. Eta ez da nolanahiko turismoa: “Goiturreko zerbitzu turistikoen ia %100a kalitatezko prozesuetatik pasa da. Gainera, Euskadin aitzindariak izan gara kalitateari, berrikuntzari eta irisgarritasunari dagokionez”. Zuzendariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren plan pilotu guztiak Goierrin jarri direla martxan.
“Baino urte guzti hauetako apusturik handiena eta onena Goitur osatzen duten pertsonekin harremanetan egotea eta sinestea izan da. Hau da gure industria turistikoaren balio erantsia”, borobildu du Osinaldek. Goitur 18 udalerriren eta 104 enpresen arteko “elkarlana” da. “Goitur ibilgailu baten modukoa da. Goierriko jatetxeek, sagardotegiek, museoek, ostatuek… ibilgailuaren piezak dira eta agintariak jorratu beharreko bidea markatzen diguzue. Goiturreko bi teknikariok, bai Jonek eta bai nik, egiten dugun bakarra da ibilgailua bidetik irten gabe mugitu”.
Aitor Aldasoro Beasaingo Alkateak hartu du hitza eskualdeko alkate guztien izenean, bera baita Goiturreko presidentea. Testuinguru honetan turismoaz hitz egitea “zelebrea” zaiola aitortu du, baina “duela 25 urte ere ez zela oso ohikoa”. Halere, bidea egiten asmatu dutela agerikoa dela esan du eta ingurukoak zoriondu ditu.
Daniel Solana Basketourreko zuzendariak ere zorioneko hitzak izan ditu gaztelania hutsean. Goierrin landutako turismo eredua Euskadin “bakarra” dela azpimarratu du, eta lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du.