Ostalariak berriro baraurik
Asko jaitsi da jatetxeen bezeria, COVID-19agatiko neurri murriztaileekin. Batzuk itxi egin dituzte, eta etxera zerbitzatzen hasi dira beste batzuk. Egoera beltza da
Ez dira garai onenak ostalaritzarentzat. Berriz ere. Eusko Jaurlaritzak, orain bi aste, ordutegia 21:00ak arte mugatu eta afal garaia ezeztatu zuenean, eskuak burura eraman zituzten. Orain, udalerrien itxierarekin, aurpegia estaltzera igaro dira esku horiek berak. Etsipena, ezina eta abaildura azaldu dira berriro menu-kartetan. Jangelan, berriz, bezerorik apenas.
Berriz ateak ixten hasi dira Goierriko jatetxeak, Gabonak arte gutxienez, batzuk. Astean zeharreko zerbitzua eten dute beste batzuek. Eta, oraindik zabalik daudenek, zalantzak gehiago dituzte lanean jarraitzeko kemena baino. Hori da dagoen panorama. Beltza, aidanez.
Zerbait egin nahi edo behar horretan, etxera zerbitzatzen hasi dira berriz zenbait. Ormaiztegiko Kuko, adibidez, itxi dute. «Gobernuen erabakien mende gaude. Apurrak ematen ari dira, eta guretzat oso urri gelditzen da. Hasieran ezin zen herritik atera, gero pixka bat moldatu dute ondoko herrira joateko. Baina jendeari zailtasun handiak jartzen dizkiote, bai mugitzeko, ordutegiak…», azaldu du Iker Markinez jabeak.
Bezeriaren %95 herritik kanpokoa denez, bideragarritasunik ez zaio geratu, eta «beste norabide bat» eman dio etxeari. Dastatze-menua diseinatu, eta etxera eramango dute. «Bezeroekin tratua mantentzeko aukera bakarra» da, erabat ez gelditzeko azkenetariko aukera.
Antzeko bidea hartu dute herrietako ostatuek ere. Irekita daude, udalekin dituzten kontratuetan hala hitzartuta. Mutiloako Ostatuan, adibidez, etxera eramango dute janaria. Harrera ona izan du eskaintzak, larunbatean hasi zirenez geroztik, Iñaki Telleria arduradunaren arabera.
Eguneroko menuak, behera
Kartaz eta asteburuko lanaz gain, astegunetako zerbitzuak ere nabarmen egin du behera. «Jendea gutxitu egin da, erabat. Askoz gutxiago lan egitera pasatu gara, azken bi asteotan gehien bat», azaldu du Mandubiko Bentako Presen Lasak.
Egoerak dakarren beste eragin negatibo bat, ezohikoa normaltzat hartzea da. Ohitzea. «Udaberriko konfinamenduaren ondoren, denok gutxiagorekin konformatzen ari gara. Ezin dugu garai batean bezainbeste jende hartu, espaziorik ez dagoelako, eta lehen lan egiten genuen %60arekin konformatuta geunden. Orain, berriz hortik ere behera etorri gara», dio Lasak.
Jendea ibili da, batez ere azkeneko astebukaeran, eguraldi goxoak animatuta. Muturretara joatea eragin du horrek. «Astelehenetik ostegunera, aste osoa oso suabe joan zen. Eta, ostiralean edo asteburuan, egundoko giroa egin, eta orduan gainezka, lau aldiz gehiago igual. Gutxi dagoenean gazki, eta asko ere gaizki. Baina hori onartu egin beharko dugu hemendik aurrera: asko dagoenean egin behar, eta gutxiago dagoenean, beste zerbait egin behar», dio Mandubiko Bentako Presen Lasak.
Hala ere, ia jatetxe guztiek nabaritu dute: nahiz eta oinez, bizikletan edo txakurrarekin paseoan herritar asko ibili, jendeak kanpoan egon nahi du. «Ez dute barrura sartu nahi». Datorkeenerako, aire zabalaren erreserbak pilatzen ariko bailiran. «Sekula ez da segurtasunik egon lanean, baina orain batere ez dago. Eta arlo guztietan berdin daude».
Neurri gehiagoren zain
Eusko Jaurlaritza aste honetan hartzekoa den neurri murriztaile gehiago ikusteko zain daude ostalariak, zer egin pentsatzeko. Katea gehiago estutu arte, jatetxe eta tabernetara mugakide diren udalerrietara igaro daitezke herritarrak.
«Eusko Jaurlaritzak aste honetan zer neurri hartzen dituen zain gaude, geure erabakiak hartzeko. Orain, 10-15 menu emateko, ez du merezi horrela jarraitzea. Neurriak hartzea pentsatzen ari gara. Baina berriro konfinamendua ere agian jarriko dute».
Bien bitartean, lehengo astean indarrean jarri zen mugikortasun mugatuaren dekretuak baimentzen du mugakide diren udalerrietako taberna eta jatetxeetara joatea.
Azaroaren 7rako manifestaziora deitu dute
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalarien sektoreak manifestazioa deitu du, azaroaren 7rako. Donostian izango da goierritarrentzat. Sektoreari laguntza ematea beharrezko jo dute, eta COVID-19aren hedapena gerarazteko neurriak ostalaritzara bideratuta egotea deitoratu dute.
Osasun egoera orokorraren larritasunaz jakitun direla adierazi dute ostalariek, ohar batean. Baita neurriak hartu beharraz ere. «Baina ez dugu ulertzen ostalaritzan hartu dituzten neurrien gogortasuna, beste sektore batzuekin alderatuta». Laguntzak eskatu dituzte. Alokairuak, hipotekak edo zerbitzuengatiko udal zergak eta tasak ordaintzen laguntzeko, batetik. BEZaren tipoa jaisteko eskatu dute, bestetik. Negozio askoren geroa «jokoan» dago.