Zabor tasaren igoerarekin desadostasuna agertu du Izal Bai udal taldeak
Joan den osteguneko udalbatzan 2021erako zergak eta zaborren tasak onartu zituzten. Izal Bai taldeak zabor tasaren onarpenarekin «desadostasuna» agertu du. Proposamena zergak bere horretan uztea izan zen, eta zaborren tasari dagokionez, herritarrei %12ko igoera egitea eta enpresei %15ekoa egitea. Izal Bai udal taldeak ezezkoa bozkatu zuela adierazi du ohar baten bidez: «Ez dugu bat egiten tasen igoera horrekin».
Izal Bairen proposamena, aitzitik, bai zergak eta bai tasak bere horretan uztea izan da: «Sasietara udal ekarpena handitzearen oinarrian ez dago herritarrei zuzenean eragiten dien arrazoirik, enpresen hondakinen tratamenduan dator bereziki, eta ez zaigu logikoa iruditzen horri herritarrok egitea aurre», eman dute aditzera.
Egoera ekonomikoa
Idiazabalgo Udalaren egoera ekonomikoa «oso ona» dela gehitu du Izal Baik, eta Sasietari egin beharreko ekarpenari «aurre egiteko moduan» dagoela «zabor tasa igo gabe». Egoera ekonomikoari lotuta, adierazi dute «bizi dugun garai ekonomikoa» ez dela «batere egokia horrelako neurriak hartzeko».
Datorren urtean «enpresen zabor tasa hobeto lantzeko denbora hartzea» eskatu dute, «ekitatiboagoa den erabaki bat hartu ahal izateko».













