Antxiñe Mendizabal zumarragarrak bere lehen nobela argitaratu du
'Odolekoak' du izenburua eta ama-alaba harremanei buruzko kontakizun bat da. Iruñeko familia baten historia kontatzen du, hiru emakumeren bitartez
Antxiñe Mendizabal idazle zumarragarrak Odolekoak liburua argitaratu du. Ama-alaba harremanei buruzko kontakizun hau bere lehen nobela da.
1941ean hasi eta oraintsu arte, Iruñeko familia baten historia kontatzen du: hiru belaunalditan zehar, hiru emakumeren bitartez. Nobelak, ama-alaba harremanen inguruan hausnartzeaz gain, gizartearen bilakaera islatzen du.
Mendizabalek urte asko eman ditu liburu honetan lanean. «Istorio honek urte asko zeramatzan nire buruan, baina ez nekien oso ondo nola heldu. Hasieran, ideiak eta pertsonaiak dituzu eta zirriborro asko egiten dituzu. Hasteko, pertsonaiei bizitza eman nien. Ondoren, kokaleku bat eta garai bat eman nien. Asko gozatu dut datuak bilatzen, egitura osatzen».
Ama-alaba harremana
Mendizabal alaba eta ama da. «Nire esperientzia hor dago, noski. Ez da autofikzioa, ez dago autobiografiarik, baina liburuko bizipenak oso errealak egin zaizkit eta irakurle asko ere identifikatuak sentituko direla uste dut. Liburuan ama mota ezberdinak daude: ama izan nahi ez duena, ama izan nahi duena eta ezin duena, abortatu behar duena… Liburuko ama gehienak ama behartuak dira, garai hartan emakumeentzako ez zegoelako beste aukerarik».
Amen eta alaben arteko loturak oso estuak direla dio. «Lotura hori oso estua da, baina amak ez dira perfektuak eta ezin dituzte gure behar guztiak asebete. Inguruan beste pertsona batzuk ere baditugu eta askotan amak bete ezin dituen eginkizunak egin ditzakete. Duela gutxira arte, ama batek dena egin behar zuen: maitasuna eman behar zuen, maistra, gidaria eta laguna izan behar zen… Amei funtzio gehiegi gehitu zaizkie eta amak izan aurretik pertsonak dira. Beraien talentuak eta ezinak dituzte. Amak ezin digu berea ez duena eman. Askotan eman ezin diguna erreklamatzen diogu eta azkenean eman digun hori behar genuena dela konturatzen gara. Hortaz jabetzen garenean, amarenganako maitasuna itzultzen da. Nobelak horregatik ditu hiru pasarte: indarkeriaren memoria, kontzientziaren memoria eta maitasunaren memoria. Guztiok pasatzen gara hiru fase horietatik. Bakeak egitea, daukagun ama behar genuena dela aitortzea da».