Dendariak, bigarren olatuaren kolpeari eusteko ahaleginean
Osasun krisiak eragin zuzena izan du establezimenduen salmentetan; ohikoaren ia erdia saldu dute. Erosleengan beldurra nabari dute dendariek eta zerbitzu onena ematen jarraitzeko lanean dihardute. Aurrera begira, ordea, zalantzak dira nagusi.
Guztiari eragin dio COVID-19ak. Hirugarren sektoreari zer esanik ez, bai eguneroko martxan, baita ekonomikoki ere. Goierriko establezimenduetan, lehen momentutik neurri guztiak beteta lan egiteko ahalegin mardula egin dute. Guztiontzat berria den egoerara moldatuz, ohitura berriak barneratu dituzte bezeroek ere. Baina hotzarekin batera, bigarren olatua indartzen ari da. Lehenaren kolpea «gogorra» izan zela nabarmendu du Josune Intsausti Dendarteaneko teknikariak, bigarrenak, «establezimendu asko pertsiana ixtera» eraman ditzake.
Arropa eta oinetako dendetan ilusioz bizi ohi dute denboraldi aldaketa. Aurten baina, udazken eta negua, aurrekoak baino hotzagoak izango dira. Oskarbi Oinetakoak dendako arduradun Asier Gurrutxaga tolosarrak hala baieztatu du: «Egoera normal batean urteko sasoi honetarako, ohi baino %40-50 gutxiago ari gara saltzen, eta nabaritzen ari gara, salmentak oso irregularrak izaten ari direla, giro oso arraroa sumatzen dugu, jendea zer etorriko den beldur dagoela esango nuke, eta horrek, kontsumoan zuzenki eragin du. Dena den, gauzak dauden bezala egoteko, salmentak behera egin badute ere, ez gaude kexatzeko».
Gobernuak hartu dituen azken neurriek, mugikortasuna mugatzearena batik bat, ez dute aldeko. Goierrin, hiru denda dituzte, Zumarragan, Ordizian eta Beasainen, Goierriko merkataritza gune garrantzitsuenetan. Baina bezeroen joan-etorriak mugak izateak, eta COVID-19aren intzidentziaren goranzko joerak, «ez dute laguntzen». Establezimendu fisikoetan bakarrik ez, «Internet bidezko salmentetan ere beherakada antzeman da».
Telefonoz ere gertu
Bezeroengandik gertu egoten jarraitu nahi dute Mary Garciak eta Ane Aristik. Xaloa arropa dendako arduradunak dira. Beasainen dute denda. «Bezeroari kalitatezko produktua eta zerbitzua eskaini nahi diogu, indar guztiak jartzen ditugu bezero batek gurea bezalako establezimendu batean bilatzen dituen goxotasuna, gertutasuna eta konfiantza ematen».
Negozio bide berriak irekitzeko ahaleginean, etxerako zerbitzua eskaintzen hasi dira duela gutxi: «Urtebetetze opari bat egin nahi duzula, maite duzun gertuko bati opari bat egin nahi diozula, bilera garrantzitsu bat duzula eta alkandora edo amerikana bat behar dituzula, lore sortak etxera bidaltzen diren moduan, guk ere, egoera bakoitzak eskatzen duen presentazioarekin, txukun-txukun bidalketak egiten hasi gara». Sare sozialen bidez, dendako arropa eskaintza ezagutzera ematen dute, baina horrez gain, «egungo roboten aldean, telefonoz, bezeroari entzun eta aholkularitza lana» egiten dute: «Behar dugun gauza bakarra da, gurekin harremanetan jartzea eta bezeroak behar duen hori, etxera bidaliko diogu».
Krisi garaietan sortzen omen dira ideiarik onenak, eta Goierriko merkataritza establezimenduak, beste behin ere, ahaleginak egiten ari dira krisi honi ere aurrea hartu eta gainditzeko.
Etorkizun nahasia
Gipuzkoako merkataritza elkarteak biltzen dituen Dendartean Elkarteko Josune Intsaustik, gaur gauzkoz merkataritzak bizi duen egoeraren balorazioa egin du: «Denetariko egoerak daude, baina orokorrean, egoera ez da ona». Hain juxtu, merkataritza sustatzeko, momentu honetan abian daude herri desberdinetako udaletako, Ordizian eta Lazkaon kasu, eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Bono Denda kanpainak. Intsaustik dio «saltokiei bultzada txiki bat ematen» ari zaizkiela, «bezeroak erosketak herriko establezimenduetan egitera animatzen dituelako». Baina bultzada horretaz harago, errepikatzen du egoera ez dela ona: «Beldur gehien ematen duena da, aurrerantzean etor litekeena».
Intsaustik merkataritza elkarteetako teknikariekin bakarrik ez, establezimenduetako arduradunekin harreman zuzena du: «Azkeneko egunetan helarazten didate, asko nabaritu dutela mugikortasunean hartu diren neurriak».
Etxeratzearen beldur
Espainiako Osasun Ministerioaren Lurralde Arteko Kontseilua batzartu zen atzo, eta bertan, Eusko Jaurlaritzak zera eskatu zion Espainiako Gobernuari, molda dezala alarma egoeraren dekretua, «beharrezkoa balitz eta erkidego bakoitzaren egoerak hala aholkatzen duenean» etxeko konfinamendua ezarri ahal izateko. Momentuz, etxeratze agindua ez da ezarriko, gainera, bigarren konfinamendu batek merkataritzari zer suposatuko lioken garbi du Intsaustik: «Hondamendia izango litzateke, bai ekonomikoki, bai animikoki». Gauzak horrela, uste du bonu kanpainak bakarrik ez, laguntza gehiago ere beharko duela merkataritzak.