Gazta aukera handitzen ari da
Sortze gaitasuna eta aurrera ekiteko gogoa moztuko duenik ez da lehen sektoreko ekoizle txikien artean. Ordiziako azoka da horren guztiaren emaitzaren erakusleiho nagusia.
Halaxe sumatzen dugu feriako lagunen artean. Zailtasunak nabarmenak dira, baina eguneroko lan martxan, naturak berak markatzen duen erritmoaren arabera ari direnak sasi guztien gainetik ari dira lan eta lan, sormenari eta aurrera egiteko gogoari tiraka.
Gazta munduak esate baterako adibideak erakutsi ditu. Atzo Olaberriko Etxeberri Goikoa baserrian egindako behi gazta freskoa eskaintzen zuen Haizea Arruti Mendizabalek, 6 euroan kiloa erdiko puska, oso urtsua denez dagokion ontzian salgai. Egin eta segituan jateko prest. Aukera zabala dute, eta izena ere jarri diete gaztei, ondua 15 euroan kiloa, erdi ondua Tantai 14 euroan kiloa, txuria Barrenzuri 18 euroan kiloa, laktikoa Andramaztei 16 euroan kiloa eta ontzietan krema eta gaztanbera. Esnea ere eros daiteke.
Behi esnearekin berak egindako gaztak saltzen ditu Beñat Telleria Mutiloako Odiokoak ere. Bereziki gazta urdinarekin lortutakoaz gustura mintzo da: «Lana egin eta harrera ona duela ikusteak poz handia ematen du eta puntua ere ondo hartu diet». Oso gazta ikusgarria da, atzo 7.200 gramoko bi gazta puska zituen, 60 litro behar omen dira holako bat egiteko eta bi hilabete gutxienez (20 euroan kiloa). Inork garesti baleritzo, kontuak atera ditzala ze lan dagoen guzti horren atzean.
Sagardoa ere aukeran
Elkarren ondoan hasieran eta orain ere postu berean dira Beñat mutiloarra eta Zeraingo Mendarteko Iñaki Intxausti. Zeraindarrak bere barazkiak ez ezik herriko Oiharte sagardotegiko edariak ere salgai izaten ditu. Oraindik ere ez ohikotzat jo genezakeen sagardoa latan 2,20 euroan bakoitza, sagar zukua 3 euroan litroa eta sagardoa 3,5 eruroan botila astero hantxe.
Ilarra, baba… ereite garaia
Baratze kontuetan ere udaberriko ereite lanak hasiak dituzte, ilarra, baba eta baratxuria. Batzuk negutegi barnean (eta ernetzen hasita), beste batzuk aire librean. Beti aurrera begira ibili beharra dago baratze kontuetan garaian garaiko beharrak eta epeak ongi ezagutuz eta errespetatuz.