Lemniskataren Zientziaroa zikloa Eva Arrietak zabalduko du
Gorputza «entzuten» irakatsiko du. Hitzaldiak ostiraletan izango dira, 19:00etan, Igartza jauregian. Posta txartelen erakusketa jada zabalik dago.
Zientziarioa zikloa bihar hasiko da, Eva Alvarez fisioterapeutaren ¿Por qué nos enfermamos? hitzaldiarekin. Gorputza «entzuten» irakatsiko du, seinaleak detektatzeko eta gaixotasunak eragozteko; Alejandro Zearreta geologoaren txanda izango da azaroaren 20an, Antropoceno, no solo clima y biodiversidad hitzaldiarekin; bertako ikerlari eta zientzialariek itxiko dute hitzaldien txanda, azaroaren 27an. Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira, Igartzako jauregian.
Goierri mende bat lehenago erakusketa, berriz, jada ikusgai dago, hau ere Igartza jauregian. Lemniskata Kaieraren laugarren lana da Goierri mende bat lehenago, eta liburua datorren ostiralean aurkeztuko dute. Martin Garciaren laguntzarekin, Lemniskatakoek duela ehun urteko Goierri nolakoa zen jaso dute posta txartelak erabilita. Txartela bertatik bertara ikus daitezke erakusketan.
Matematika Argazki Lehiaketa ere zabalik dago. Lanak Argizpiren webgunearen bidez entregatu behar dira abenduaren 31 baino lehen. Argazkiak matematika jaso behar du, eta edonork har dezake parte. Sarietan 700 euro baino gehiago daude, eta beasaindarrik onenak ere izango du berea.
‘Beasaingo hiria’eta ‘Itsas ondoan’ ikusgai daude
Beasaingo hiria lehiaketako argazki erakusketa igande honetan kenduko dute. Ikusi nahi duenak, Igartza jauregira joan behar du, 18:00etatik 20:00etara astebarruan eta 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara asteburuan. Argizpi elkarteak antolatutako lehiaketako lanak daude bertan ikusgai. Aurten hiru kontinentetako eta hamasei herrialdetako 947 lan aurkeztu dituzte, iaz baino 742 gehiago. Francisco Javier Cocaren Espejos infinitos argazkia hautatu dute denen artean onena. Oskar Gaskonen, Iñaki Bolunbururen eta Iñigo Alzugarairen lanak sailkatu dira Argizaiola lehiaketarako.
Aterpe Tabernan, berriz, Soraya Garciaren Itsas ondoan erakusketa dago ikusgai. Garciak, itxialdian, itsasoa imajinatzen zuen bere estudiotik eta burutazio horiekin egindako akuarela argitsuak daude ikusgai. Itsasoa oinarri hartuta, hamaika lan egin ditu eta denak daude ikusgai. Abenduaren 10ean kenduko dute erakusketa, beste artista bati lekua egiteko. Garciak bere burua disziplina-anitzeko artistatzat du, poesia ere egiten duelako. Telebistako errealitetan eta lehiaketetan ere ibilitakoa da.