«Jendeari gustatzen zaio odolkia, baina lanik egin gabe»
Odolki Lehiaketarik ez da egingo bihar eta tronua hutsik geldituko da. «Sari berezia da, Gipuzkoa osoan duelako fama eta salmentetan kristorena notatzen delako», dio Urkiolak.
Odolki Lehiaketa egitea ezinezkoa egin zaizue.
Udaletxearekin bilera batzuk egin genituen eta ez egitea erabaki genuen. Halere, aurtengo lehiaketak hilabeteroko azoka bereziarekin kointzidituko zuen, eta azoka egingo da. Hori aprobetxatuta, postu bereziak egongo dira odolki eguna izan behar zuela gogoratzeko. Tabernaren batzuetan ere egongo dira odolki pintxoak.
Zenbat ekoizle biltzen ditu lehiaketak?
Urterik onenetan 40 lehiakide ere izan ditugu. Azken urteetan jaitsi egin da eta hemezortzi eta hamabost bitartean etortzen dira.
Zergatik beherakada hori?
Ez da odolki ekoizpena eten egin delako. Zer pasatzen den? bada, harakin asko jubilatzen ari direla eta atzetik datozenek ez dute lehiaketetara etortzen segitzeko ohiturik.
Beasaingo lehiaketa irabaztea, ordea, ez da ahuntzaren eztula.
Guk irabazleari erregea esaten diogu, odolkiaren erregea. Sari berezia da, Gipuzkoa osoan duelako fama eta salmentetan kristorena notatzen delako. Harategiak lehiaketaren zain egoten dira, baina guztiekin harremanetan jarri gara egingo ez dugula abisatzeko eta denek ulertu dute.
Salmentek behera egingo dute?
Ez dut uste, etxeetan berdin jango delako. Jada hasi dira hotzak eta ederki sartzen da.
Probatu duzu udazken honetako odolkirik? Nolakoak daude?
Duela hilabete inguru probatu nuen lehenengoa, eta ‘ze onak’ esan nuen. Beste batzuk ere probatu ditut orduz geroztik eta guztiak zeuden onak. Gainera, azaroa izaten da odolkientzako hilik onena. Porrua, tipula… orain daude onenean, gustu askorekin daudelako. Gure odolkiak barazkiekin egiten direnez, behar dute barazkiak bizi eta indartsu egotea.
Odolkia modan dago?
Jendeari gustatzen zaio odolkia, baina lanik egin gabe. Komodo jartzen ari gara. Etxera iritsi, berotu eta jan. Orain badaude forma berriak odolkia egosita saltzen dutenak, baina odolki ona jateko denbora behar da, produktua zaindu eta mimatu egin behar delako.
Lehenagoko etxekoandreak harategira joaten ziren, etxera itzuli, lapikoa jarri eta han, denborarekin, bor-bor-bor, goxatu egiten zuten. Guk beti gomendatzen dugu beste ordubetez egostea. Hau da, odolkia, nahi izanez gero porru eta tipula pixkatekin, ur hotzetan jarri behar da egosten; irakiten hasten denean sua jaitsi eta 45-60 minutu eduki behar da borborka poliki. Horrela eginda edo berotuta bakarrik, ikusiko duzu zer nolako aldea dagoen.
Leihaketarik gabe, kofradiako kideak nola zaudete?
36 urte eta gero pandemia bategatik ezin egitea tristea da. Gainera, ez egitea beti izaten da txarra. Jarraikortasuna zalantzan jartzen du eta itzultzeko indarrik edo aukerarik izango ote denaren beldurra beti gelditzen da. Baina gure asmoa segitzea da eta lehiaketa egiten jarraituko dugu.
Jendearengatik ere pena ematen dit. Oso egun polita izaten da: azoka ikusi, inguruko postuetan zerbait erosi, odolki pintxo batzuk jan… askok babarrun jana egiteko aprobetxatzen dute. Herriarentzako egun polita izaten da.
Loinazko San Martinetan egin beharreko Kofradiaren 36. kapitulua egin ahalko duzue?
Otsaila segituan etortzen da eta jada horri begira jarrita gaude. Ikusi egin beharko da nola heltzen garen.
Antolaketa lanak urte berriarekin batera hasten ditugu gutxi gorabehera, hilabete lehenago. Inguruko kofradiekin hitz egin behar da, ohorezko kofrade kideak zeintzuk izango diren erabaki… Ea eguberrietan zein den egoera eta orduan hartu beharko dugu erabakiren bat.