Beasaingo merkatariek SOS deia bidali dute
Bareak merkatari elkarteak deituta protesta isila egin dute, ostalariei babesa emateko. Ehun bat lagun bildu dira Erauskin plazan
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/11/dsc_0721-1200x800.jpg)
Beasaingo merkatariek ostalaritzaren egoera larria dela salatu dute eta laguntzak eskatu dizkiote administrazioari. Osasuna “denaren aurretik” jarri behar dela argi dute eta horretarako neurriak babesten dituzte, baina kexu dira eurak geldirik eta diru sarrerarik gabe egongo diren bitartean gastuak mantendu egingo direla eta. Zuloa estaltzeko laguntza zuzenak eskatu dituzte.
Ostalariekin batera, merkataritzan eta zerbitzuetan lan egiten dutenak ere batu dira protestara, elkartasuna adierazi nahian. Ekonomia kate bat dela eta itxialdiaren eragina denek nabarituko dutela azpimarratu dute. Bareak elkarteak deitutako protestak herritar ugariren babesa ere jaso du. Ehun bat lagun elkartu dira guztira Erauskin plazan, denak musukoarekin eta elkarren arteko segurtasun distantziak zainduta.