Goierriko egoitzetan 32 adinekok dute koronabirusa
Beasaingo Arangoiti egoitzan zazpi positibo berri atzeman dituzte ostiraletik, eta 23 dira dagoeneko. Zumarragako Argixaon beste 9 kasu daude.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/05/beasaingo_arangoiti_adinek.jpg)
Gipuzkoako adinekoen egoitzetan ere gora egin du positiboen kopuruak koronabirusaren probetan. Asteburuan beste zazpi kasu agertu dira Beasaingo Arangoiti egoitzan, eta dagoeneko, 23 dira guztira. Zumarragako Argixaon ere positibo ugari izan dituzte azken asteetan, eta une honetan 9 egoiliar daude gaitzarekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta DYAko profesionalek PCR probak eta mapeoak egiten jarraitzen dutela gogorarazi dute. Gipuzkoako 65 adinekoen zentroetan 178 dira guztira, positibo eman duten adinekoak. Sei egoiliar daude ospitalean ingresatuta, eta beste 102, Ordiziako eta Eibarko erreferentziazko zentroetan artatuak izaten ari dira.
Abuztuaren 11n egoitzetako lehen positiboa atzeman zutenetik, 119 adinekok gainditu dute gaitza eta 50 hil dira.