Kirol jarduerak eten eta kuotak atzeratu ditu BKL-k
Jaurlaritzak hartutako neurri murriztaileak direla eta, kirol jarduera gehienak eteteaz gain, bazkideen kuotak eta Eguberrietako zozketa atzeratzea erabaki du klubak.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2019/09/bklzuzendaritza-1200x800.jpg)
Eusko Jaurlaritzak onartutako azken neurriek kirol klubetan ere izan dute eragina. Beasaingo BKL taldeak azaldu duenez, kirol jarduerak eten egin ditu. Ez hori bakarrik, bazkideen kuotak eta Eguberrietako zozketa atzeratzea ere erabaki du.
BKLk argitaratu duen oharraren arabera, gizonezkoen lehen taldea izango da salbuespen bakarra, gainontzeko talde eta kategoria guztien jarduna eten egingo dute, dekretuak jasotzen duenaren arabera.
Bazkideen kuotei dagokionean, “posible izango den jardunaren nondik norakoak argitu bitartean” atzeratu egingo dute 2020-21 denboraldiari dagozkion kuoten kobrantza. Gainera, kategoria bakoitzak denboraldi honetan izandako jardueraren arabera egokituko dituzte kuota horiek. Bazkideak berritzeko kanpaina ere atzeratu egingo dute, egoera argitu bitartean.
Zozketa ere atzeratuta
BKLk urtero Eguberri garaian egin ohi duen zozketa ere atzeratzea erabaki dute. Izan ere, “giza harremanetan ditugun neurri murriztaileek eta muge ez dute ahalbidetzen txartelen banaketa eta salmenta betiko moduan” egin ahal izatea. Baldintzak aldatuz gero, udaberrian egingo lukete zozketa.