Ataunen ez dituzte udal zergak eta tasak igoko, hondakin bilketan salbu
Ataungo Udalak zergak izoztea erabaki du, egoerak hala eskatzen duela eta. Salbuespen bakarra hondakin bilketaren gaineko tasa izango da.
Ataungo Udalbatzak urriaren 28an egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zuen 2021. urterako udal tasen eta zergen araudi berria. Oro har, ez dute igoerarik izango zergadunek ordaindu beharreko kopuruek, izoztea erabaki baitu udalak. «Egoerak hori eskatzen du, ez zaigu bidezkoa iruditzen igotzea. Aurreneko aldia da talde honek erabaki duena ordenantza fiskala; urtero KPIa aplikatzea erabaki bagenuen ere, aurten negatibo izan da», azaldu du Martin Aramendi alkateak.
Goierriko herri gehienetan bezala, Ataunen ere salbuespena hondakin bilketaren eta tratamenduaren gaineko tasa izango da. Zerbitzu-kosteak igotzeak eta tasa 2009tik gutxi eguneratu izanak, udalari gastu-defizita handitzea eragin dio. Neurriak hartu ditu. Hala, urtean ordaintzeko kopurua 20 euro igoko da, oraingo 120,75 eurotik 140ra. Bi alditan kobratuko du udalak.
Konposguneak sortzen
Zabor kudeaketa kostuek igoera «handia» izango dute. Industri hondakinenak eta traste zaharrenak, adibidez. «Lehen Mutiloara eramaten zituen Sasietak. Hura ixteak Zubietako erraustegira eramatera behartu du, eta garestiagoa da. Bestetik, azken urteetan paper, kartoi eta plastikoagatik dirua jasotzen genuen, baina paperaren merkatua irauli, eta ordaindu beharra dugu».
Herritarren kontzientziazioa da eragiteko beste arlo bat: «Zenbat eta zabor gutxiago sortu, orduan eta tasa txikiagoa izango da». Lantalde bat, berriz, konposta egiteko aukera aztertzen ari da. «Datorren urtean, auzo batean 2-3 etxegunetan konposgunea jartzeko asmoa dago. Horrek ere merketuko luke kostua».
Aldarretan bide berritzea
Ohar batean, udalak azken aldian egin duen bide konponketa obra baten berri eman du. Aldarreta inguruan berritu dituzte bide zatiak, zementua botata. Urdangarin eta Gartzako bidegurutzeetan aritu dira hondatutako zatiak berregiten, zehazki.