Beasaingo Paperen 28. alea, kalean
Joseba Alonso Arratibel, Mikel Dorronsoro Ibarbia eta Martin Garcia Garmendia historialariek osatu dute aurtengo lana. Gudugarretako hiribildua du ardatz

Beasaingo Paperak bildumako 28. zenbakia kalean da jada, Gudugarreta herribildua eskualdeko historian. Herenegun aurkeztu zuten, Igartza Jauregian. Jende ugari bertaratu zen eta edukiera bete egin zen. Beasaindarrei euren herriaren historia interesatzen zaienaren seinale.
Gudugarretako hiribildua da aurten jorratu duten gaia. XIX. mendearen amaieraz geroztik Beasaingo auzoa da, baina iraganean herri independientea izan zen: 1615. urtean hiribildu titulua erosi zuten hainbat abantaila zituelako eta Seguratik bereizi ziren. Gipuzkoako herririk txikiena izan zen biztanleei dagokionez, baina hedaduran zabala zen. Helgoaldean Muxika baserritik iparraldeko Agirre baserriraino luzatzen zen, eta Astigarretarekin eta Beasainekin lur komunal handiak zituen. Xehetasun gehiago jakin nahi ezkero, liburua kontsultatu behar.
Talde lana
Joseba Alonso Arratibel, Mikel Dorronsoro Ibarbia eta Martin Garcia Garmendia historialariek gidatu dute lana. Beasaingo Paperei dagokionez, Dorronsororen lehen argitalpena da, baina Alonso eta Garcia arituak dira aurretik: lehenak Beasaingo mugak lana aurkeztu zuen 2010. urtean, eta bigarrenarentzat seigarrena da aurtengoa. 2001ean publikatu zuen lehen lana, Beasain 1900-2000.- Ehun urteko historia irudietan, eta 2011ko, 2014ko, 2016ko eta 2018ko lanek bere sindaura daramate.
Beasaingo paperak ekimena Beasaingo Udaleko Kultura Sailak 1992. urtean jarri zen martxan herriko alor ezberdinetako historia gordetzeko eta zabaltzeko. «Bilduma honen argitalpenak, etorkizunari ekiteko beti ere bere nortasun-ezaugarriak ezagutu beharrezkoak dituen gure gizarteak bere jatorria sakonago aztertzeko eta horren ondorioz kultur arloan aberasteko lagundutzen du», dio udalaren webguneko laburpenak.
28. zenabakiren bat nahi duenak Beasaingo Udaleko kultura sailera joan behar du. Idatziz eskaria eginez gero, posta bidez jasotzeko aukera ere badago.
‘Goierri mende bat lehenago’ lana aurkeztuko dute bihar
Goierri mende bat lehenago liburua aurkeztuko du bihar Lemniskata sareak. Igartza Jauregian izango da aurkezpena, 19:00etan. Liburua bertan eskuratu ahalko da. Posta txarteletako irudien bidez, duela 100 urteko Goierri nolakoa zen irudikatu nahi dute. Lemniskatako kideek onartu dute erronka «zaila» izan dela, garaiko Goierri eremu nekazaria zelako eta dokumentu gutxi daudelako. Halere, 140 posta irudi baino gehiagoko bilduma da, eta eskualdeko 23 herrietako irudiak daude. Liburuan jasotako posta txartelak bertatik bertara ikusteko aukera igandera arte egongo da, Igartza Jauregian.