CAF suspertu da
701 milioi eurotako salmeta bolumena izan du azken hiru hilabeteetan eta itxialdiak eragindako zuloa ia berdindu egin du. Solarisen ekarpena erabakiorra izan da
CAF itxialdiaren lozorrotik esnatu da eta 700 milioi euroko baino gehiagoko salmentak itxi ditu azken hiru hilabeteetan. Beasaingo multinazionalak hiru hilabetero argitaratzen duen txosten ekonomikoak hala dio.
Solaris filialaren errendimendua susperraldiaren gakoetako bat izan da: 222 milioi euro fakturatu ditu uztaila eta iraila artean, iazko epe berean baino ia %40 gehiago. Autobusen entregatze maila “handia” izan dela aitortu du zuzendaritzak. Halere, fakturazioaren ia %70a tren sektoreari dagokio, 480 milioi euro gutxi gorabehera.
CAFen fakturazioa %17 hazi da 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta. Urte osoa hartuz gero, ordea, fakturazioa %2 txikitu da. 1.817 milioi euro fakturatu ditu, denera, urtarriletik irailera bitarte, pasa den urtean baino 46 milioi euro gutxiago. “Urteko lehenengo seihilekoan pandemia dela-eta ekoizpen-lantegi nagusietan fabrikazio-jarduera gelditu egin zen. Horiek dira negozio-zifraren zenbateko garbiak urtetik urtera izan duen %2ko beherakadaren arrazoiak”. Ekainean %12koa zen zuloa, eta martxoan %18koa.
Errentagarritasuna, behera
Kontuan izan behar da 1.817 milioi horiek fakturatutakoa dela, ez irabazitakoa. Gutxiago fakturatu duen arren, gastuak ere txikitu egin ditu. %2a pasatxo, zehazki. Eta hala eta guztiz ere, pertsonalaren gastuetara bideratutako diru partida ia %9an hazi egin da, eta 500 milioiak gainditu ditu.
Gastuak txikitu arren, EBITDA neurgailuaren emaitzak txarragoak dira iazko urtearekin alderatuta. EBITDAk edo ustiapen gordinak enpresaren errentagarritasuna kalkulatzen du, diru sarrerei saldutako produktuen kostua eta administrazioaren kostu orokorrak kenduta. Urteko emaitza 138 milioi eurotakoa da, iazkoa baino %19 txikiagoa. Zuzendariek COVID-19ari bota diote uzkurtzearen errua.