CAFeko langileek zuzendaritzari amiantoaren biktimekin duen jokabidea aldatzeko eskatu diote
Elkarretaratzea egin dute amiantoaren biktimen monolitoaren aurrean, 10:30ean. Ordu berean Vicente L. I.ren heriotzaren inguruko epaiketa egiten ari ziren, Donostian
CAFeko langileek elkarretaratzea egin dute amiantoaren biktimen eskulturaren aurrean, amiantoak hil egiten du lelopean. Aldi berean, Donostian, Vicente L. I.ren sendiaren eta CAFen arteko epaiketa hasi da.
Vicentek CAFen egin zuen lan 1971. urtetik 2014ra arte, bere lan-bizitza osoan. Biriketako minbiziak jota hil zen, eta 2012an CAFek amiantoaren eraginpean egondako langileen zerrendan sartu zuen, baina sendiari ez dizkio kalte ordainak eman nahi. Familiak 318.926,97 euroko ordaina eskatzen du, eta 70.000 euro gehiago alargunarentzat, nozitutako kalte moralengatik.
CAFeko langileek sendiari babesa adierazi diote eta zuzendaritzari biktimekin duen jarrera aldatzeko eskatu, mina areagotu egiten dutelako. Asviamie Euskadiko amiantoaren biktimen elkarteak ere CAFi kargu hartu dio, “gaixo daudenekiko eta hil direnekiko erantzukizuna ez duelako onartzen”. “Iruditzen zaigu badela garaia auzibideak uzteko, kaltetutako familiei kalte moral gehiago egitea besterik ez baitu lortzen”, diote. Beasaingo konpainiak era honetako auzi gehiago ditu zabalik: Celestino Tolosaren aferaren ebazpena errekurritu egin dute duela hilabete baino gutxiago, eta beste epaiketa baten zain daude.
Funts eske
Asviamiek amiantoaren biktimentzako funtsa sortzeko Lege Aurreproiektua onestea “inoiz baino premiazkoagoa” dela aldarrikatu du. Eskaria Diputatuen Kongresuan iaz erregistratu zela gogoratu dute eta helburua, “behingoz”, auzi judizialak amaitzea eta biktima “guztiak” aintzat hartzea dela.