Egun bat gutxiago hurrengo jaietarako
Tradizioaren eta berritasunaren arteko oreka bilatuz, herritarrentzat eta bisitarientzat antolatutako festak dira Aramako 'Samartinak'. Gaztaina jana da herritarren artean kuttuna.
Herritarren irriak kalean, musika alaiaren doinuak herriko plazan, jendea kantuan eta dantzan, txakolinaren txinparta, danbolina sutan gaztainak bar-bar eginez,… Aramako San Martin festarik ez da izango aurten, baina egun bat gutxiago geratzen da hurrengoak ospatzeko.
Herri txikia da Arama, Goierriko txikienetakoa, eta festak antolatzeko herritar guztiei egiten zaie deialdia bileretan parte-hartzeko, beraien ekarpenak egiteko, eta udalak Gaztaintxota kultur elkartearen ezinbesteko laguntza izaten du dena antolatzeko.
Aurtengo egoera bereziaren aurrean, herriko festak antolatzen hasi gabe zeuden, guztia bertan behera uztea erabaki zutenean Unai Galparsoro zinegotziak esan duenez: «Aspalditik aurreikusi genuen ez zela baldintzarik emango aurtengoan festak ospatzeko, batez ere udatik hona iristen ziren berriak ikusirik, beraz, ez genuen ezer loturik».
Sentipenak, kontrajarriak, «pena handia ematen du, batez ere festen aitzakiapean herritar askok parte hartzen duelako, bai festen antolakuntzan, bai festetan antolatzen diren ekintzetan, eta hori gure tamainako herri batentzat, oso aberasgarria da». Baina, orain «guztion osasuna lehenesteko unea da».
Danbolinaren inguruan
Egitarau xumea, baina herrian ondo errotutako ekitaldiz betea. Tradizio gehiena duena, seguraski, San Martin bezperako gaztaina jana izaten da, eta baita jende gehiena biltzen duena ere. «Kilo asko erretzen dira eta jende asko biltzen da herriko plazan hauek jateko, trago batzuez lagundurik». Herritar askoren parte-hartzea eskatzen du gaztainak erretzeak, plazan hauek zerbitzatzeak, eta gero, dena jasotzeak ere. Ekitaldi kuttuna da aramarrentzat. Eta herrikoak bakarrik ez, inguruko herrietako jendea ere erakartzen du, jende mordoska gerturatzen baita.
Herri-bazkaria ere ekitaldi gustukoenetakoa da. Ia herritar guztiak biltzen dira mahaiaren bueltan. COVID-19a iritsi denetik, ia pentsaezin bihurtu ditu iazkoa eta aurreko urteetako bezalako bazkariko irudiak; jende asko biltzen baitzen bertan. Horrelakorik berriz noiz egin ahalko den da pentsamendua, patxadaz, lagun, bizilagun, eta senitartekoekin, janaz eta edanaz patxadaz gozatzen, maskara berriz korrika batean janzteko derrigortasunik gabe.
Tradizioaren eta berritasunaren artean oreka bilatzen saiatzen da antolakuntza. Iaz, Los Zopilotes Txirriaos taldearen napar-mex musikak dantzan jarri zituen, aramarrak bakarrik ez, inguruko herritatik gerturatu zen jende andana ere. Aurten, egun hartan baino lasaiago igaroko dute gaua.
Gaztaintxota kultur elkartetik bazuten asmoa lagun gutxi batzuk bildu eta San Martin bezperan gaztainak erre eta sorpresaz etxez etxe banatzeko, baina lehengo astean indarrean sartu ziren muga berriekin dena bertan behera uztea erabaki zuten.
Bukatzeko, herritarrentzat animo mezua ere bidali nahi izan du, «baditugulako aurretik urteak festak behar bezala ospatzeko eta orain lehentasuna bakoitzaren eta etxekoen osasunari emateko». Gora Aramako Sanmartinak!