Errekalde auzoan saneamendu sarea sortzeko lanak egingo dituzte
Aldundiak eta Gipuzkoako Urak-ek egingo dituzte lanak eta ia 500.000 euroko kostua izango dute. Errekaldeko baserrietan hobi septikoak ekidin eta errekara zuzenean ur hondakinak ez botatzeko sare berezia eraikiko dute.
Zerain eta Mutiloa artean dagoen Errekalde auzoan obrak egingo dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Urak-ek. Gaur eguerdian prentsaurrekoan aurkeztu dituzte burutuko dituzten lanak, eremuan bertan. 496.819 euroko kostua izango dute eta %50 finantzatuko du bakoitzak. Uztailean hasi ziren eta abendu amaieran bukatzea aurreikusi dute.
Lan horien bidez saneamenduko sare berezia sortuko dute, Errekaldeko baserrietan hobi septikoak ekidin eta errekara zuzenean ur hondakinak ez botatzeko: “Helburu nagusia da ur hornidurako sistemen bermeak indartzea eta hondakinen uren saneamendua osatzea”, adierazi du José Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatuak. Ibaietako uraren eta uretako ekosistemaren kalitatea hobetzea ere dute helburu.
Sare berriak Laiotz-Lasustegi eta Errekalde guneetako 12 etxebizitzen ur hondakinak jasoko ditu. Zerain errekaren alboan jarriko dute eta Mutiloan dagoen sarearekin bat egingo du. Legorretako araztegira eramaten ditu urak sare horrek. Kolektore berriak 1.200 metro inguru hartuko ditu, eta beste 800 metro inguru baserrietako konexioak egiteko.