Idiazabalgo Berdintasun Planerako diagnostikoa osatzen hasi dira
Datu kuantitatiboak jasotzearekin batera, eremu desberdinetako emakumeekin elkarrizketak egingo dituzte. Abenduan amaitu eta hurrengo urtean planarekin hastea aurreikusi dute
Berdintasun Plana jarriko dute abian Idiazabalen Udalak eta Elhuyar Aholkularitzak elkarlanean, eta horretarako herriaren egoera zein den aztertuko dute aurrena. Berdintasun Diagnostikoa aurkeztu zuten atzo udaletxean Eunate Elio Berdintasun eta Hezkuntza zinegotziak eta Aizaga Zeberio Elhuyar Aholkularitzako langileak.
Prozesuaren helburu nagusia Berdintasun Plana egitea da, baina diagnostikoa gaur egungo egoera ezagutzeko egingo dute. Dagoeneko lanean hasi dira, irailean ekin baitzioten lehenengo fase horri: «Diagnostikoa irailetik abendura bitartean aurreikusi dugu egitea», azaldu du Aizaga Zeberiok. Idiazabalgo emakumeen eta gizonen berdintasun mailaren azterketa sakon eta zehatza izango da. Talde motorea jarri dute martxan prozesua kudeatzeko: berdintasun zinegotziak, berdintasun teknikariak, komunitate teknikariak eta Elhuyar aholkularitzako langileak prozesuaren etengabeko jarraipena egingo dute. Horrez gain, urrian udaleko ordezkari politiko eta teknikariekin saio bat egin zuten prozesua aurkeztu, generoaren inguruan sentsibilizatu eta genero berdintasunaren auzia sail guztien ardura dela azaleratzeko. Berdintasun eta Hezkuntza Batzordeak jarri du martxan prozesua, baina herriko eta udaletxeko arlo guztietan eragitea dute helburu.
Diagnostikoa egiteko datu kuantitatiboak zein kualitatiboak jasoko dituzte. Batetik, Idiazabalgo datu soziodemografikoak, lan arloko datuak, hirigintza datuak, kontziliazio datuak, kultur arlokoak eta beste hainbat datu bilduko dituzte. Bestetik, elkarrizketa sakonak egingo dituzte gaur egun Idiazabalgo emakumeek dituzten kezkak, beharrak eta arazoak zein diren ezagutzeko, bost bloketan: Aizan talde feministarekin, jubilatuekin, adituekin, herriko hainbat eremutan aktibo dabiltzan emakumeekin eta lan sektore jakinetan dabiltzanekin.
Mugarri den plana
Eunate Elio zinegotziak azaldu du «ohiko datu, harreman eta begiradei ikuspegi feminista» eman nahi diotela planaren bitartez: «Berdintasunaren aldeko eskuartze globala izatea eta bertako emakumeen eta, ondorioz, herritar guztien egoera hobetzea nahi dugu». Gehitu du prozesua mugarria dela Idiazabalgo herriarentzat: «Udalaren konpromiso politikoa adierazten zaio herriari».
Diagnostikoa amaitzean, saio irekia egingo dute emaitzen berri emateko, eta datorren urtean plana egiten hasiko dira.