Intsumisioa eta bizikidetza izango ditu gai memoria historikoaren Ataungo zikloak, gaurdanik
Herriko zenbait intsumisok bizipenak kontatuko dituzte, igande eguerdian, Lander Garroren filmaren emankizunaren ondoren. Egitaraua gaur hasiko da, bizikidetzaz mahai-ingurua eginda
Aurreko aldietan ohi duena baino egitarau murriztxeagoarekin izan arren, Ataungo Memoria Historikoaren zikloak ez du hutsik egingo, bederatzigarren urtez segidan. Gaur hasiko da, eta hiru ekitaldi antolatu dituzte Murkondo, Biboletak, Haitzarri, Atauniker elkarteek eta oroimen historikoaren lantaldeak, Iragana gogora ekartzen leloarekin.
Aurreneko ekitaldia gaur 19:00etan da, Herri Antzokian. Bizikidetza lantzen gaiaz mahai-ingurua egingo dute hiru adituk. Jose Antonio Rodriguez Ranz (Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea), Jexuxmari Mujika (Bidetik Fundazioa) eta Agus Hernan (Foro Soziala) ariko dira hizketan. Jon Aizpuruak moderatuko du.
Lehenik, kide diren erakunde-sail, elkarte edo mugimenduaren sorreraren arrazoiak azalduko dituzte, funtzionatzeko modua eta gaur egun abian dituzten ekimenak. Bigarren zati batean, arlo teorikoari eta etorkizunari begira ipiniko dira gehiago: elkarte bakoitzak bizikidetzaren esparruan dituen erronkak, elkarbizitzaren oinarriak zeintzuk diren… Bukaeran, solas irekia egingo dute, mahai-ingurua azken mezua botata bukatzeko.
Intsumisioaz, igandean
Memoria historikoaren egitarauko bigarren emanaldia igandean izango da, 11:30ean, Herri Antzokian. Soldadutza garaiko intsumisioa izango du hizpide. Koronabirusaren neurriengatik, astegun iluntzetik aldatu dute.
Lehenengo, Lander Garrok zuzendutako Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala ikusi ahalko da. Egilea bera gonbidatuta dago, oraindik partaidetza baieztatu ez duen arren. Derrigorrezko soldadutzaren aurka aritu ziren sei lagunen istorioa kontatzen du lanak. Intsumisioagatik ezarritako kartzelaldiaren iraupenari egiten dio erreferentzia izenburuak.
Ondoren, Ataunen intsumiso izan zirenen artean solasaldia egingo dute. Mugimendu handia izan zen herrian, 1980-1990 hamarkadetan. Intsumiso deklaratutako gazte asko izan ziren, baita kontzientzia eragozleak ere. Errepresioa ere jasan zuten, bai auzibideetan (gehienek urtebeteko zigorra jaso zuten), baina baita kartzelatu zuten ataundar baten kasuan ere.
Alkatea ere inhabilitatu egin zuten, Espainiako ejertzitoari herriko soldadugaien datuak ez bidaltzeagatik. Orduko hainbat intsumisok parte hartuko dute.
Egitaraua abenduaren 19an bukatuko da, Gerrako hotsak atalean antolatu ohi duten musika kontzertuarekin. Gari legazpiarrak eskainiko du emanaldia, Herri Antzokian, 18:00etan.
Argazki rallyko sari ematea eta Euskaraldiko saioa
Ataunen gaur hasiko den asteburu luzean ekitaldi gehiago ere badira, kulturari dagokionez. Euskaraldia bihar zortzi hasiko da, eta, girotzeko, Xabier Artiedak Txor-txor bakarrizketa umoretsua egingo du. Sarrera doan da, Herri Antzokian, bihar 19:30ean. Euskaraldian izena emateko aukera egongo da, eta txapak banatuko dituzte. Larunbatean, berriz, Ataungo 16. Argazki Rallyko sariak emango dituzte, antzokian, 12:00etan. Urriaren 4an ibili ziren argazki zaleak herrian.