Dena prest Aritz Egearen elkartasun erronkarako
Larunbatean 08:02an aterako da Ezkiotik Izazpi mendira, eta joan-etorrian ibiliko da, 17:47ak arte. SuperH eta Baila con EM elkarteei diruz laguntzeko sortutako egitasmoa da.
Datorren larunbatean elkartasun erronka egingo du Aritz Egea mendi korrikalariak. Ezkiotik aterako da 08:02ean Izazpi mendira joateko, eta joan-etorrian ibiliko da 17:47ak arte. Eguzkiak iraun bitartean izena du erronkak eta haur minbiziaren eta esklerosi anizkoitzaren ikerketarako dirua lortzeko izango da, zehazki, SuperH eta Baila con EM elkarteentzako.
Ezkiotik Izazpirako ibilbidean ahalik eta itzuli gehien egiten saiatuko da Egea. Joan-etorri bakoitzean, 750 metroko desnibelarekin, 12,59 kilometro egingo ditu. Hainbat kirolarik eta kirol klubek eman duten kirol materiala zozkatuko dute, eta zozketarako txartelen dirua ikerketara bideratuko dute. Killian Jornet mendi korrikalariak sortu du ekimenaren irudia.
Ez soilik mendia
Txartelak kronoak.com webgunean eros daitezke. Kirol modalitate desberdinetako materiala zozkatuko dute: tartean, Bioracer eta Etxeondo etxeen txirrindularitza ekipazioak, Alex Aranburu, Markel Irizar eta Gari Bravoren mailotak, Pou Anaiek, Patxi Usabiagak eta Alex Txikonek emandako materiala, Athletic, Eibar eta Real Sociedad taldeen kamisetak edota Salomon etxearen zapatilak.