Polita, erraza eta didaktikoa
Tabernak itxi dituzte eta ez dago herritik ateratzerik. Mendiak jendez bete dira. Zumarragarren mendi ibilaldi kuttuna Beloki mendiari itzulia ematen diona da.
Urriko azken asteburua geroztik ez dago herritik ateratzerik. Norberaren bizitokiarekin mugakide diren herrietara bakarrik, eta kirola egiteko bada soilik. Gainera, joan zen asteburuan tabernak itxi zituzten. Hala, ez da harritzekoa asteburuetan mendiak jendez gainezka egotea. Donostiara edo Pirinioetara joateari utzi eta etxe ondoko altxorrez gozatzen ari gara. Herri guztietan daude paraje ederrak eta GOIERRIKO HITZAk eskualdeko herrietako altxorrei buruzko seriea hasiko du. Serieko lehen harribitxia Zumarragako Antio-Beloki ibilbide paisajistikoa da.
Zumarragan baserri auzo eta paraje eder asko daude (Agiña, San Kristobal, Oleta, Samiño, Pagotxeta, Goiko Txabola…), baina zumarragar gehienen kuttunak Antioko baseliza eta Beloki mendia dira. Herritar asko ia egunero joaten dira Beloki mendira eta asteburuetan asko dira Beloki mendiko itzulia egiten duten familiak.
Antioko baseliza
Joan-etorri osoa oinez egin daiteke (Antiora errepidetik edo Gurrutxagatik gora joanda), baina asko autoz joaten dira Antioraino. Bertan, baseliza bisitatzea ia ezinbestekoa da. Gipuzkoa barrualdeko zonalde honetan dokumentaturik dagoen lehen parrokia-eliza da. Monumentu Historiko Artistiko Nazional deklaratu zuten 1965ean eta Euskal Monumentu Historiko Artistiko 1984an.
Kanpotik eraikin xumea da, baina barrualde ikusgarria du, egurrezko egiturari eta egurrezko irudiei esker. Antion, baselizaz gain, interpretazio zentroaz goza daiteke. Bertan, Zumarragaren historiaren berri ematen da. Turismo bulegoa ere bertan dago.
Interpretazio zentroaren ondotik abiatzen da, hain zuzen ere, Beloki mendia inguratzen duen ibilbidea. Zumarragar askoren ibilbide kuttuna da, adin guztikoentzat aproposa baita, bista ederrak baititu eta ordubete eskasean egiten baita. Bertatik inguruko mendi guztiak ikusten dira: Txindoki, Aizkorri, Irimo, Izazpi, Korosti…
Bost atseden gune
Gainera, Zumarragako Udalak ibilbide hau txukundu du eta bost atseden gune prestatu ditu. Ibilbide paisajistikoa deitu dio. Bost atseden guneetan Zumarragako historiari buruzko panel informatiboak jarri dituzte. Gune bakoitzak gai bat du: Antioko baseliza, industria, saskigintza, trena eta Legazpi dorretxea. Atseden gune horiek Antioko interpretazio zentroaren osagarri dira.
Beloki mendiaren magaleko ibilbide paisajistikoan herritar batek duela urte batzuk egindako artelana ere ikus daiteke: tamaina handiko harri batean gepardo bat zizelkatu zuen. Artelan hau trenari dagokion atseden gunearen ondoan dago.
Antioko baselizari eskainitako atseden gunearen ondoan, berriz, Beloki mendiaren gailurrera daraman bidea dago. Herritar gehienek, Beloki mendia inguratzen duten ibilbidea egiteaz gain, tontorrera igo eta gurutzeko kanpaia jotzen dute. Hamaiketakoa eramaten duenak, bertan, ibilbideko bost atseden guneetako batean edo Antioko mahaietan jan dezake.
Mugakideak
Zumarragarrek, Euskal Autonomia Erkidegoko gainontzeko guztiek bezala, herriko altxorrez ez ezik, mugakideak diren herrietako harribitxiez ere goza dezakete. Zazpi dira Zumarragarren mugakideak diren herriak: Antzuola, Azkoitia, Azpeitia, Ezkio, Gabiria, Legazpi eta Urretxu. Eta zazpi herri hauetako bizilagunek Zumarragako txokoez gozatzeko aukera dute, noski.