Jose Luis Rodriguez bizkaitarrak eraman du Ataungo Argazki Rallyko sari nagusia
Bigarren saria Carlos Mediavilla urretxuarrak jaso du. Herritarren artean, Mariano Perez eta Jone Galparsoro izan dira irabazleak.
Ohi baino ikusle gutxiagorekin egin dute gaur Ataungo 16. argazki rallyko sari emate ekitaldia. Antolakuntzako kide den Andoni Aizpuru ataundarrak nabarmendu du “16.arekin ere aurrera egin nahi izan” dutela, eta “antolatzeko zailtasunak” izan badituzte ere, aurtengoak emandakoarekin “oso pozik” daudela. 30tik gora pertsonek aurkeztu dituzte lanak, eta maila “oso altua” izan da.
Epaimahaiak beraz, ez du lan erraza izan. Urriaren 23an bildu ziren aurten aurkeztu diren lanen balorazioa egin eta irabazleak aukeratzeko. Epaimahaia osatu dute Jose Mari Telleriak, Lake Oiarbidek eta Kontxi Sukiak.
Sari banaketa ekitaldia Herri Antzokian egin dute. Bi kategoriatan, bina sari banatu dituzte. Herritarren artean onenak izan dira, Jone Galparsoro, bigarren saria jaso duena, eta Mariano Perez, lehen saritua. Kategoria orokorrean berriz, bigarren saria Carlos Mediavilla urretxuarrak jaso du. Sari nagusia Bizkai aldera joan da, Jose Luis Rodriguez zallarrak eraman baitu.
Saria eskuan zuela irabazleak adierazi du Ataungo argazki rallyan parte hartzen duen “seigarren aldia” dela, orain arte “sekula ez” ez duela sari nagusia irabazi, “plaza zaila” dela uste baitu. Argazkiak ateratzeko “Ataun, toki oso ederra” dela nabarmendu du, eta “oso ongi pasa” zuela. Argazkien gaiak egunean bertan jakin zituzten, eta esaten du “oso gustuko” duela hori, “inprobisatzeko” aukera ematen duelako, baina “erreakzioatzen jakin behar” dela. Eremua lehendik ere ezagutzen zuen baina argazkiak atera zituen egunean “galdu eta mendizale batzuei esker bidea aurkitu” zuen. Une horretan egin ahal izan zuen lehiaketan aurkeztu zuen argazkietako bat; basoan ateratako argazkia. Gehitu du , horrelako lehiaketa batean parte hartzen duenean “argazki mordoa” ateratzen dituela, eta aukeraketa egitea ez zaiola batere erraza egiten eta etxekoek eta argazki taldeko kideek lagundu ohi diotela zer egin horretan.