Aurrekaririk gabeko eguberriak aurten
Kutsatzeak ekiditeko asmoz, Beasaingo Udalak eguberrietan ekitaldirik egongo ez dela aurreratu du. Bestalde, Gabonetako argiteriaren piztea abenduaren 4ean abiatuko dute, tokiko merkataritza sustatzeko helburuz.
Beasaingo Udalak eguberrietarako kale ekitaldirik ez duela antolatuko iragarri du: “Udalaz gaindiko aginteak argitaratutako dekretuak ezartzen dituen arauek baldintzatuta, Eguberrian ohikoak ziren kale-ekitaldiak bertan behera uztea behartu du Udala”. Babes neurriak betetzeko eta jende pilaketak saihesteko hartutako erabakia da beraz, Beasaingo Udalak webgunean argitaratutako erabakia. Salbuespen dira espazio itxietan gauzatutako ekintzak, betiere edukiera errespetatzen bada. Aurtengo Olentzero eta Mari Domingiren ongi etorria, erregeen zamalkada edota Beasain Kirol Sarien gala ez dira aurrez ezagutu bezala burutuko.
Eguberrietako argiteriaren pizteari dagokionez, Abenduaren 4etik aurrera egitea aurreikusten du Udalak, bertako merkataritza sustatzeko eta indartzeko asmoarekin. Gernika pasealekuko argiak jada ipintzen hasi diren arren, Udalak argitu du bihartik aurrera iluntze-gauez ibiliko direla teknikariak argien euskarriak egokitzen: “hauek kokatzen diren etxebizitzetako balkoietan ibili litezke eginkizun horietan. Hargatik herritarrei ohar honen berri ematen zaie ezustekorik har ez dezaten”.