Ilintxa futbol elkarteak 75 urte bete ditu gaur
Urteurrena ospatzeko, Itxaropenera doazen eskaileretan ekitalditxo bat egin dute klubeko kideek.
Ilintxa futbol taldearen urteurrena ospatzeko ekitaldi xumea antolatu dute gaur eguerdiko 12:00etan elkarteko kideek. 1945. urteko azaroaren 15ean sortu zen Ilintxa. Legazpiarrek bestelako ekitaldiren bat ospatzeko asmoa izan duten arren, omenaldi apal bat egin beharra izan dute, koronabirusaren ondorioz. Efemeridearekin lotutako egutegia hurrengo urtera atzeratuko dute.
Klubaren lehen taldearen argazkia eskegi dute horman hurrengo leloaz lagundurik: “Herri baten memoria gordetzea, bere etorkizuna eraikitzea da”. Jarraian, bi musikariz lagunduta argazki ofiziala atera dute. Koldobike Olabide alkatea eta Iñigo Imaz kirol zinegotzia ez ezik, egungo klubeko lehendakari den Xabi Aldama eta aurretik ibilitako beste hainbeste bertaratu dira.