Sahararen aldeko elkarretaratzeak deitu dituzte Urretxu-Zumarragan eta Beasainen
Saharar herriaren aldeko elkarretaratzeak deitu dituzte Urretxu-Zumarragan eta Beasainen. 12:30etan hasiko dira Pirulo plazan eta Udaletxe plazan, hurrenez hurren.
Diaspora sahararrak deituta, eta EH Bildu eta Ezker Anitza-IUren babesarekin, Saharar herriaren aldeko elkarretaratzeak deitu dituzte gaur goizerako Goierriko bi udalerrietan: Urretxu-Zumarragan eta Beasainen. Biak eguerdiko 12:30etan hasiko dira; Pirulo plazan eta Udaletxe plazan izango dira, hurrenez hurren.
Ostegunean, Marokoko armada Saharako lurralde askatuetara sartu zen, bertan kanpatuta saharar manifestari batzuk erreferenduma egiteko presioa sortzen ari zirelako. Hori horrela, 1991.an sinatutako su-etena hautsi da, gerra egoera ezarriz. Agiri horretan jasotzen denez, Marokoko armadak eta Saharako armadak euren posizioei eutsi behar diete. Dagoeneko hainbat base militar eta zaintza postu bonbardatu dituzte, hildakoak eraginez.
Sahara-Euskadi elkarteak azpimarratu du Marokok Mendebaldeko Sahararekin sinatutako akordioa urratu egin duela. Horrez gain, Espainiako Gobernuari eta Nazio Batuen Erakundean ordezkaritza duten herrialdeei eskatu die 1988ko bake itunean adostutako autodeterminazio erreferenduma gauzatzeko.