Goierri Gorrirentzat, porrot mingarria
2-3 galdu zuten Leioako nesken aurka, 65. minutuan bi goleko errenta eduki arren
Goierri Gorriko neskek denboraldiko lehen porrota jaso zuten larunbatean, eta a zer nolako porrota. Etxean eta 25 minuturen faltan bi goleko errenta zutela. Azkenean, 2 eta 3 makurtu behar izan zuten Leioakoren aurka.
Gorriek indartsu hasi zuten lehia eta aurkaria baino hobeak izan ziren. Hala, 21. minutuan aurrea hartu zuten bizkaitarrek euren atean sartutako gol bati esker. Atsedenalditik bueltan Uxue Rebollarrek tarteak zabaldu zituen geldikako jokaldi batean. Bazirudien hiru puntuak Beasainen geldituko zirela, baina goitik behera erori zen taldea. 66. minutuan, penaltiz, aurkariek tartea murriztea lortu zuten. Leioakoak gora etorri ziren eta goierritarrak atzean sartu ziren. Luze egin zitzaien partida: 81. minutuan berdinketaren gola jaso zuten, eta 85.nean hirugarrena eta azkena.
Goierri Gorriko neskak hirugarrenak dira orain sailkapenean, lau punturekin. Athleticen hirugarren taldeak hartu die aurre sailkapenean. Asteburu honetan dute bigarren postua berreskuratzeko aukera, Eibarren bigarren taldearen aurka jokatuko baitute, etxetik kanpo.