«Espero dezagun denak sendatzea eta gero animoak ez hoztea»
Beasaingo Ziklo-kros probak igande honetan eman behar zion hasiera Euskal Herriko egutegiari, baina ez da lehiatuko. Xabier Aldanondo lanerako jendea galtzeak kezkatzen du.
Beasaingo Ziklo-krosa egoera honetan egin zitekeen?
Gurea bezalako proba amateurrentzat gauzak oso okertuta daude eta bertan behera uztea erabaki genuen. Gure buruari epe bat eman genion azken erabakia ahalik eta gehien luzatzeko, baina ezinezkoa egin zaigu.
Beasaingo Ziklo-krosak zenbat txirrindulari elkartzen ditu?
400 bat txirrindularitik gertu, neska eta mutil. Hamabost urtetatik hasi eta handik gora, lau kategoriatan banatuta.
Eta antolatzaileak?
30 bat lagun ibiliko gara, gutxi gorabehera. Lanak banatuta izaten ditugu: aurretik muntaia, egunean bertan lasterketa eta gero jasotzea. Hamar edo hamabost hiru ataletan ibiltzen gara, eta gainerakoek lasterketa egunean laguntzen dute.
Nahikoak zarete?
Azkeneko urteetan justu ibiltzen gara eta laguntza eske ibili behar izaten dugu. Jende gazte gutxi dabilela antolakuntza maila guztietan esango nuke.
Antolaketa lanekin noiz hasten zarete?
Hilabete pare bat lehenago hasten gara, dugun materialaren zenbaketa egiten. Gauza asko behar izaten dira: zintak, hesiak, hesolak, bozgorailuak, bizikletak garbitzeko mangerak, zelaiak… Gauza horiek lotzen eta jasotzen joaten gara. Gero, bezperan, muntaia egiten dugu. Aurtengoa zazpigarren lasterketa izan behar zen eta, gutxi gorabehera, prozesua hartuta dugu.
Alferrikako lanik egin duzue?
Iaztik egurrezko hesolen ordez plastikozkoak jartzea genuen pentsatuta, eta erosita genituen. Baina tira, bestelakoan azkenera arte itxaron genuen ea posible izango zen ikusteko eta ez dugu alferrikako lanik hartu.
Galera ekonomikorik eragingo dizue proba ez lehiatzeak?
Berez, galera ekonomikoa ez da, proba bera galera delako. Guretzat gastu bat da, ez dugulako dirurik irabazten: txosna egoten da baina pribatua izaten da eta ez dugu sarrerarik kobratzen. Baina kontua da, zenbait babeslerekin hitz eginda egoten garela egun honetarako eta urte guztia nahastu digula. Hau da, babesletzak urte guztiko lasterketekin batuta joaten dira, eta lasterketa asko ezin izan ditugu egin.
Zenbat lasterketa antolatzen dituzue?
Ziklo-krosaz gain, errepideko sei karrera egiten ditugu urtero: eskola mailako, bat; kadete mailan, bi; jubeniletakoa; eta afizionatuetan, beste bi. Aurten bi bakarrik egin ahal izan ditugu: kadeteena martxoan eta jubeniletakoa irailean.
Lasterketa erdiak baino gehiago bertan behera utzi behar izatea ez da erraza izango. Amorragarria izan behar da.
Batik bat ohitura bat hartuta dugulako eta animoak hoztu ditzakeelako datozen urteetarako. Espero dezagun denak sendatzea eta gero animoak ez hoztea.
Txirrindulariekin baduzue harremanik? Beraiek nola daude?
Euskal Herri mailan urte amaierara arteko lasterketa guztiak bertan behera utzi dituzte. Hogei proba izaten ditu egutegiak, eta onenean lau egingo dira, egiten badira. Txirrindularientzat denboraldi osoa galtzea da hori, eta hilabeteetako entrenamendua pikutara.
Beasainen eta Goierrin badago ziklo-krosa egiteko ohiturarik?
Kopuruz, esango nuke, ziklo-krosa orain baino okerrago egon dela. Azkeneko urteetan gora egiten ari da parte hartzaile kopurua, baina soberan ere ez gabiltza. Gazte mailatan, esaterako, flojo xamar gabiltza.
Zer dela eta?
Ziklo-krosa dago oso baxu. Errepideko txirrindulariek ziklo-krosa egiten zuten neguan lehen, eta horrek bultzada ematen zion. Gero, lehiatzeari utzi zioten, eta beherakada izan zuen.
Ahul egon eta denboraldia galtzea ez da ona izango.
Mesederik ez dio egingo, ziur. Federaziotik bultzada handia eman beharko zaio egutegiko probarik galdu ez dadin.