Zaldibiako herri baratze publikoak esleitzeko deialdia egin du udalak
Herri baratze ekologikoen aprobetxamendua esleitzeko deialdiaren iragarkia atera du Zaldibiako Udalak. 2016an sortu zituzten herritarrek erabili ahal izateko baratze publikoak, eta lau urteko gehienezko erabilera zehaztu zuen udalak ordenantzan. Hala, orain da berriro deialdia egiteko garaia.
Zaldibian erroldatutakoek bakarrik daukate baratzeak erabiltzeko zerrendan izena emateko aukera, 2019tik gutxienez. Familia-unitateko lagun bakarrak eduki dezake, eta ezin du beste baratze baten edo horretarako aproposak diren nekazaritza-lurren jabe izan, ezta maizter ere.
Azaroaren 21ean amaituko da herri baratzea hartzeko deialdian izena emateko epea, baina astegunetan bakarrik daitekeenez, ostiralean bukatuko da. Udaletxeko harrera bulegora joan eta eskaera aurkeztu behar da, 08:30etik 15:30era.
Oinarrietako baldintzak betetzen dituela hitzematen duen zinpeko aitorpena, eta Nortasun Agiria eraman behar dira.













