Zerainen erabiltzeko bonuak salgai daude, hamar euroren truke
'Zerainen erosi, bertako ekoizleak babestu!' lemarekin, bertako ekoizleen produktuak erosteko bonu kanpaina abiarazi du udalak.
Pandemia egoera dela eta, hainbat herritan bonu kanpaina jarri dute martxan bertako ostalariei, dendariei eta ekoizleei laguntzeko. Zeraingo Garapen batzordean gaia landu ondoren, bonu kanpaina aurreko ostiralean abiarazi zuen udalak, turismo bulegoarekin elkarlanean. Bonuak salgai daude dagoeneko.
Zerainen erosi, bertako ekoizleak babestu! lelopean jarri dute martxan kanpaina. Bonuak ekoizle bakoitzak salduko ditu 10 euroren truke eta erosi diren tokian erabiltzeko izango dira. Bonu bakoitzak 12 euroko balioa izango du erabiltzerakoan; hau da, 2 euro udalak jarriko ditu eta 10 euro herritar bakoitzak.
Herriko kontsumoa
Herritarren eta udalaren artean herriko kontsumoa bultzatzea eta herriko ekoizleei laguntzea du helburu ekimenak. Horrela, herritarrei dei egin diete kanpainan parte hartzera.
Ekoizleei, dendariei eta ostalariei dagokienez, Oiharte eta Otatza sagardotegiek, Mandio eta Ostatu tabernek, Mandio dendak, Aranburu, Basazabal eta Garoa gaztagileek eta Mendarte baserriko produktuen ekoizleek hartuko dute parte. Beraz, interesa dutenek bertara jo beharko dute bonuak eskatu eta produktuak erosteko.