Gogoa den tokian, aldaparik ez!
Iñaki taberna enblematikoa, eraberrituta eta Gastrobar Ipop izenarekin ireki du Anka eta Cristian Pop bikote errumaniarrak. Egunero-egunero euskarari keinu egiten diote tabernako atarian.
Bigarren Euskaraldia gainean da eta antolakuntzak nahikoa lan du COVID-19aren garai hauetan, euskara kalera ateratzeko, eta erabilpenaren aldeko ekimenak antolatzeko: jende pilaketak ekidin behar direla; pertsonen arteko distantziak mantendu behar direla; erabilitako materialak desinfektatu;,… Orain arteko ekiteko modua hankaz gora jarri du ditxosozko koronabirusak. Baina gogoa den tokian, aldaparik ez! Hala dio esaerak, eta beste behin ere, egitarau betearekin eta helburuak betetzeko indartsu dator Euskaraldia.
Esaera horrek ere balio du, ondorengo istorioari sarrera emateko. Keinu txiki batekin euskara sustatzen ari dira erreportajearen protagonistak, edo esan daiteke behintzat, auzo oso baten arreta erakartzea lortu dutela, eta hori, ez da gutxi! Ordiziako Bustuntza auzoan gertatu da, Iñaki taberna zahar-berrituaren bueltan. Errumanian jaiotako bikote gazte batek ireki berri du taberna, itxura eta izen berriarekin, eta euskarak ere badu tokia haienean. GOIERRIKO HITZA egunkariak, tokiko bizilagunei esker jakin du istorioaren berri, eta gehiago jakin nahi izan du, hainbeste harritu dituen horren inguruan. Kontua da, euskarazko esaldiak arbelean idatzi eta ostatuaren aurrean jartzeari ekin diola bikote errumaniar honek. Egunero-egunero egiten dute, nahiz eta oraindik ez duten euskara guztiz menperatzen, baina eguna joan, eguna etorri, pauso bat gehiago ematen dute, bide horretan. Ondo adierazten zuen aurreko egun batean idatzi zuten esaldiak: Euskara, bestela ez gara. Kaleratu dituzten beste esaldi batzuk honatx: Ez da gerizperik gabeko arbolarik; Aditzaile onari hitz gutxi; Non gogoa han zangoa: Gure aitaren etxeak zutik iraunen du, …
Euskararekin topo
«Lehen momentutik hain ondo hartu gaituzten euskal herritarrei errespetua adierazteko modua da, eta bide batez, gure tabernan herritar guztiek tokia dutela jakinarazi nahi dugu keinu horren bidez». Hala kontatu du Anka Pop, Gastrobar Ipop tabernako arduradunak. Urriaren 1ean ireki zituen negozio berriaren ateak. Proiektu honetan bidelagun du Kristian Pop senarra.
«Nire senarrak 18 urte daramatza hemen, nik berriz 15, Euskal Herrian ezagutu ginen eta hementxe osatu dugu familia, lau urteko alaba dugu, amatxo eta aitatxo gara alabarentzat». Ostalaritzan lan egin du jaioterria utzi zuenetik, senarrak berriz eraikuntzan.
Azkeneko urteetan Antioko tabernan lan egin du Anka Pop-ek, Zumarragan. Tokiko hizkuntza ezagutu gabe hasi zen eta bezeroak izan ditu irakasle: «Hona iritsi eta segituan hasi nintzen lanean, eta lehenik erdal hitzak ikasi nituen, ondoren konturatu nintzen, beste hizkuntza bat ere bazela, eta halaxe hasi nintzen euskaragatik ere interesa jartzen». Euskal Herrira iritsi aurretik ez zekien euskara existitzen zenik ere.
Hilabete batean, barra atzean moldatzeko adina ikasi zuen: «Hitz egiten hastea gehiago kostatu zitzaidan baina hilabete batean, bezeroen eskariak ulertzeko adina banekien, horretarako, lehenbailehen ikastea komeni zitzaizkidan hitzen zerrenda osatu nuen bezeroen laguntzarekin, eta egunero-egunero tartetxo bat hartzen nuen ikasteko».
Harrezkero, igaro dira urte mordoxka bat, eta urte hauetan guztietan lagundu dieten guztiei mesedea bueltatzeko modua ere bada hau, «hemen integratzen lagundu baitigute».
Orain, tabernak ixteko agindua indarrean dago, eta ez da posible Gastrobar Ipop tabernaz bere osotasunean gozatzea, baina etxez etxeko zerbitzua ere ematen ari direnez, barrualdea kuxkuxeatzeko aukera bada eskariak jaso bitartean. «Ardoen zerrenda, jatekoena, horiek ere euskaraz jarri ditugu».
Atariko esaerak, senarrak jasota dituen gustuko esaerak dira eta itzultzaile bat erabilita euskaratzen ditu. «Pozgarria da tabernaren ataritik igarotzen diren bizilagunek, esaerak irakurtzen dituztela entzutea. Ideiak ere ematen dizkigute eta hurrengo egunetan jartzen ditugu, eta akatsen bat bada, ondo idazten laguntzen digute».
«Etorkizuna Ordizian» ikusten dute, eta helburua da, «bizitza euskaraz egiteko urratsak egitea egunero».