Kabareta aske izatearen alde
Andoni Mutiloak 'Esnatu Naiz' ikuskizuna eskainiko du abenduan Seguran, Ezkion eta Ordizian. Poltsiko Antzerkiko Sorkuntza deialdiko finalista izan da
Esnatu naiz kabaretak hainbat saio eskainiko ditu Goierrin urte amaiera honetan. Legorretan aurkeztu zuen Andoni Mutiloa artista hernaniarrak antzezlana joan den larunbatean, eta abenduaren hasieran Seguran, Ezkion eta Ordizian eskainiko ditu ikuskizunak. Igartubeiti baserrian doan izango da eta aurrez izena ematea derrigorrezkoa da.
Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak antolatutako Donostiako Poltsiko Antzerkiko Sorkuntza deialdiko finalista izan da Esnatu naiz kabareta. Londreseko The Pink Flamingo klubean lan egiten duen Elur da protagonista, eta baserrian bizi zenetik Londresera joan arteko bizipenak eta eraldaketa islatzen ditu ikuskizunak.
Antzerkia, dantza eta musika uztartuta, identitatearen, giza-harremanen eta sexualitatearen inguruan hausnartzeko aukera eskaintzen du kabaretak, baina, batez ere, bakoitzaren nortasunaren aldeko eta aske bizitzearen aldeko apustua egiten du. Horrela, protagonistaren azken urteetako bizipenetan oinarrituta, gai zehatzei egiten die erreferentzia antzezlanak; besteak beste, generoari, lotsari, autoestimuari, sormenari edo bizipozari. Gizartean errotuta dauden ohitura eta harreman motak zalantzan jarrita, LGTBI+ komunitatearen eskubideen aldeko aldarria da.
Eszenografia sinplea
Zuzendaritza eta gidoilari lanak egiteaz gain, antzezlea ere Andoni Mutiloa bera da. Eszenografia sinplea erabiltzen du emanaldietan: piano aulki bat, mahai bat, neoizko flamenko arrosa bat, arropa zintzilikatzeko gurditxoa, arropa eta osagarri batzuk.
Kazetaritzan lizentziatua eta Atzerriko Hizkuntzako Magisteritzan diplomatua, kazetari moduan, irakasle moduan zein artista moduan egin du lan Mutiloak. 15 urtez Donostiako Eskola Dantza taldeko kide izan zen eta dantza garaikidea egin zuen 13 urtez. Zestoako Antzerki eskolan ere aritu izan da. Antzerkia, dantza, musika, kantua, performancea eta ikus-entzunezkoak lantzen dituen Elur Etxearen sortzailea ere bada. Hain zuzen, Elur Etxea da Esnatu Naiz kabaretaren ekoizlea. Amancay Gaztañaga da aholkularitza eta kanpo begirada lanen arduraduna eta Eneko Balerdi, berriz, mugimendu zuzendaria da.