«Sagasti berriak sartzen ari gara»
Horren sona handia hartu duen Gabiriako errezil sagarraren feria ezin izan da aurten antolatu, osasun krisiagatik. Baina ekoizpena ziurtatzeko lanean ari da Jose Antonio Elosegi (Gabiria, 1969).
Aurten errezil sagar egunik ez da izan. Zer dakar horrek?
Pena handia. Herri txikietako feriek, Gabiriakoak bereziki, indar handia hartua zuten. Birus honek kolpe latza emango die, hori garbi dago.
Nolako feria izan ohi da Gabiriakoa saltzaileentzat?
Oso ona. Jendeak errezil sagarraren lotura hartuta dauka Gabiriarekin. Bertako ekoizle denak elkartzen gara. Salmenta aldetik, gu gustura geratzen gara.
Gabiriako errezil sagarrak izena hartu duela esan nahi du?
Niretzako bai, indar handia hartu du. Jendea galdezka zegoen aurten ere, Gabiriako feria noiz zen. Badakite jada azaroko hirugarren igandean izaten dela, bai Goierrin, bai Tolosaldean. Larunbatero joaten naiz Tolosara, eta han ere asko ziren galdezka. Jendea zain dagoela uste dut.
Zer eratako bezeroak galdetzen du errezil sagarraz?
Edadeko jendeak gehixeago, baina gazte jendea ere sartzen ari dela iruditzen zait. Plazan gaztea gero eta gehiago ikusten dut; etxera eramatea nahiago dute horiek, eta aukera hori eman beharra dago.
Beste modu bateko salmenta ari da sortzen?
Bai. Orain beldurra ere badago, feriara joateko. Telefonoz eskatzen hasi zaizkit, etxera eramateko; sei edo zazpi kilo sagar adibidez, edo beste jeneroren bat. Goierrin bueltaka ibiltzen gara, eta ez zait asko kostatzen.
Zenbat denbora da ferietan hasi zinela, Miren Agirrezabala amaren lekua hartuta?
Ofizialki urtebete izango da, iazko irailean hasi bainintzen, amak erreleboa emanda. Baina ferietan bueltaka, gehiago. Amak 62 urte egin ditu. 22 urterekin ezkondu zen Oñatibitxikira, eta orduan astoarekin Legazpira joaten ziren, ostiraletan. Zumarragara jaietan, Barretxeko osabaren autobusean. 85 urte egiteko hilabete batzuen faltan utzi zion.
Nolako esperientzia iruditu zaizu?
Esperientzia, ona. Aitak eta amak erakutsi digutena niri gustatu zait. Gustura joaten gara. Atzetik lana daukala badakigu, baina gustura nabil. Asteazkenetan Ordiziara eta larunbatetan Tolosara joaten naiz. Orain erreleboa ailegatu da, eta dudan egon ginen aurrera jo edo ez jo.
Eta? Gehiago sakondu nahi duzu feriako ofizio honetan?
Bai. Oraintxe ari gara sagasti berriak sartzen, lana errazteko egiturak-eta itxuran jarrita. Asmoa dut bi feria horiekin segitzea, eta beste herriren bat edo beste gehitzea, astean zehar. Ea horiekin moldatzen garen, eta gehiago behar badugu, sagasti gehiago sartzea. Geuk bildu eta geuk herri txikietan saltzea da asmoa.
Sagastiak sartzen ari zarete. Ausardia faltarik ez duzu.
Anaia Aitor eta biok ari gara. Bi mila sagar arbola inguru egongo dira, eta orain 800 gehiago aldatuko ditugu. Beste 500 ere eskatuta dauzkat, beste sail batean sartzeko. Ekoizpen azkarrekoak dira, lau-bost urtean ematen hasiko direnak.
Zer mota dauzkazue?
Erdia errezila sartuko dugu orain, geuk hemen onenetik txertatutakoak. Beldurra daukagu zer kolore emango ote duen, esaten dute hasieran berdexka ematen ote duen. Baina denborarekin aldatzen hasten dira. Gero, mahaiko sagarra: Bella Boskoop, Idarreta, Pink Lady… Merkatuan eskatzen eta saltzen diren sagar gozoak. Sagardotegira eramateko zaleak ez gara, nahiz eta aita zenak aldatutako lehenagoko hemengo motak (Errotaberri, mokotxoa…) mantentzen ditugun. Sagar zuku pasteurizatuaren bidera joan gara gehiago.
Zaldibiako Goizanen eginda?
Bai. Bi mila kilo eraman ditut jada aurten. Aldiko 500 kilo eraman behar da, gutxienez. Zukua egiten dugu, eta irteera ona dauka. Saiatzen gara sagar bariatu denak sartzen, eta jendeari behintzat entzuten zaio zuku oso ona ateratzen dugula.
Sagarraz gain, feriarako produktu gehiago beharko duzu.
Intxaurrak, gereziak, mizpirak… Mizpirek estimazio ona daukate, eta 200 bat arbola edukiko ditugu. Gereziak ere mordoxka dauzkagu, 50 bat. Plazan estimazioa zerk daukan, hara jotzen ari gara. Eta garaian, garaikoa.
Garai bakoitzerako fruta-klasea badaukazue?
Urte guztian, garai bakoitzean nahiko lotuta daukagu ekoizpena. Sanjoanetan hasten gara. Madariak inperiala edo negu-madaria ditugu, eta konferentzia. Kiwiak ere badauzkat. Pixkanaka handitzen goaz. Martxan segi eta produkzioa atera nahi baduzu, etengabe dauka lana: podaketak, zainketak… Sagarrekin, urtero gutxieneko ekoizpen bat ziurtatzea lortu dugu, sagar-urtea ez denean ere. Aurten ez da sagar utea, baina 8.000 kilo jasoko genuen. Batere gabeko urteak ezagutu ditut.